2012-10-27

Itsas Enararen XX. Urteurrenaren ekitaldi nagusia

Duela 20 urte, Gipuzkoako hegaztizale-talde batek ITSAS ENARA ORNITOLOGIA ELKARTEA sortu zuen. Harrezkero igaro den denbora luzean sorreran bertan aldarrikatu zituen helburuak betetzen saiatu da elkartea: hegaztiak aztertzea eta ikertzea, hegaztiak eta haien habitatak babestea eta balio horiek hedatzea eta sustatzea.


Azken hogei urte hauetan Gipuzkoako hegaztien egoerak hobera egin du alor askotan: ibaietako uraren egoera, araztegiei esker; kontserbazioaren beharrari buruzko kontzientzia handiagoa; ehiztariek gutxiago botatzen diete espezie debekatuei; zuhaitzak oro har zaharragoak dira (ehiztariak ere bai)... Horrek guztiak baikor izatera bultzatzen gaitu.

Aldi berean, lurraldearen erabilera asko aldatu da; nekazaritzak atzera egin du berriz ere eta landazabala urritu; laboreak desberdinak dira; neurriz gaineko azpiegitura itogarriak nonahi; ibai eta errekak nonahi bideratuta; lurraldea porlanez gero eta estaliago; abentura-kirolak gero eta hedatuago daude; ekologistok ere gero eta zaharragoak gara; zentral eolikoen mehatxuak berean segitzen du... eta horrek guztiak, berriz, etsikoitu egiten gaitu. Gainera, kontuan izan behar da gizartearen eta naturaren arteko arrakala gero eta zabalagoa dela; ez agian hainbeste kontzientziari dagokionez, baina bai jakintzaren kalitateari dagokionez. Begirunezko eta maitasunezko ikuspegitik egiten diogu guk aurre arrakala horri, beti kontserbazioa hartuta goiburu. Lanik ez da falta noski.


Celebracion 20 aniversario de Itsas Enara

Urriaren 19an omenaldi xume eta hunkigarria egin genion Plaiaundiko Parke Ekologikoan Pello Ipintzari, gure lehendakariaren hitz soil batzuk entzun ondoren. Duela gutxi utzi gintuen Pellok, eta beste inork ez bezala gauzatu zituen gure ideal horiek: jakite hutsa alferrikakoa dugu hegaztiak eta natura kontserbatzeko, jakintza zabaldu egin behar da eta maitasun bihurrarazi. Maisu aparta izan genuen Pello horretan, eta halaxe adierazi zuen P. Otxotekok idatzi eta errezitatu zuen olerkian.





Omenaldiaren ondotik, aurresku eta guztikoa, Gorka Ocio lagunak eskaini zigun hitzaldian gure itsasoan zer izaki aurki ditzakegun azaldu zigun. Alde berean atsegina eta didaktikoa nola izan daitekeen erakutsi zigun, bide batez.

Plaiaundi utzi eta Moskuko (Irun) Kabigorri elkartera joan ginen afaltzera (ondo afaltzera, alajaina), eta barre pixkat egitea Gorkaren eta gure pasadizoak gogora ekartzen, zein baino zein barregarriagoak.
 
Celebracion 20 aniversario de Itsas Enara

Eskerrak eman behar dizkiogu Plaiaundiko talde teknikoari emandako arretagatik, Carmeni afariagatik, Pello Otxotekori olerki hunkigarriagatik, Yuliari etxeko lan guztiagatik, Pello Ipintzaren familiari eta lagunei etortzeagatik, Gorka Ociori hitzaldiagatik eta gure lehendakariordeari, Aneri eta Elenari aurreskuagatik eta arrabita-cello ensembleagatik.

ZORIONAK, ITSAS ENARA! 
BABES DITZAGUN HEGAZTIAK!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina