2008-09-29

Uretako motorrak: Itsas Enarak Gipuzkoako Foru Aldundiari eginiko eskaera


Donostian, 2008ko irailaren 29an


Jaun agurgarri horiek,


Bada denbora luzea gure elkarteko kideok uretako motorrak hainbat tokitan ikusten ditugula, kontrolik gabe eta abiadura handitan nabigatzen, basafauna uxatzen eta inoiz haren ugaltoki, bazkatoki eta atsedentokietatik oso gertu. Oso gogaikarria egiten da egoera hori ibai-bokaleetan, bereziki Bidasoa, Jaitzubia, Oria eta Urola ibaien bokaleetan. Lau bokale horiek, gainera, zerrendatutako naturaguneak dira, nahiz eta denek ez izan (oraindik) babes-arau berezirik. Areago, uretako eskia ere egiten da Orian gora eta behera.

Alta, oraintsu jakin dugu badela hor nabigatzea galarazten duen arau orokor bat, gure ustez guztiz aplikagarria dena (besterik ezean). 259/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluak dioenaren arabera, ez dago uretako motorretan nabigatzerik ertzetik 200 metrora baino gertuago, ez bada saltatzeko eta orduan ere, 3 korapiloko abiaduraz, asko jota. Argi dago Jaitzubia, Urola eta Oria ibaien bokaleak 200 metro baino estuagoak direla Itsas Ertzeko Zerbitzuak egindako deslindea iristen den puntutik behera, eta Bidasoaren kasua, Xingudi zabalgunea kenduta, beste hainbeste.

Neurria berdin aplikatu behar litzateke Igeldo, Santa Klara, Ulia, Pasaiako Plata eta Mitxitxolako kaio- eta ugarroi-kolonietara ere, hor ere antzeman baitugu motorrak gehiegi hurreratzen direla.

Badakigu itsas-eremuan polizia-eskumenen titularitatea ez dagoela oso argi eta aginte-indarrek askotan horri heltzen diotela azkenean ezer gutxi egiteko. Dena dela, uste dugu bokaleen kasuan, bederen, errazagoa izan litekeela uretako-motorren nabigazioa kontrolatzea eta horregatik eskatu nahi genizueke, mesedez, esandako Errege Dekretua aztertzea eta Aldundiko basozainei ez ezik, Ertzaintzari eta dagozkion udaletako Udaltzaingoei eta Gipuzkoako Elkarte Nautiko eta kirol portuetako kudeatzaileei ere jakinaraztea debekua eta erregutzea bereziki zain dezatela, salatutakoa ez dadin berriz gertatu.


Eskerrik asko,


Rafael Saiz Elizondo
Lehendakaria