Hegaztien eguna munduko hainbat herritan ospatzen da, honen helburua, jendartera hegaztien mundua eta haien kontserbazioa gerturaraztea izanik. Gobernuz kanpoko ekimena da, non bertako ornitologo eta hegaztizaleek egun horretan bertaratzen den jendeari hegaztiak haien habitatetan ikusteko eta makina bat gauza berri ikasteko aukera eskaintzen dieten.
Ohi bezala, urriaren 7an, igandea, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Plaiaundiko parke ekologikoan ospatuko du egun hau, Txingudin hain zuzen. Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik eta gehien errazteko bisitariei; halaber, hegaztien ohitura eta biologiari buruzko informazioa azalduko diete. Parkearen sarreran elkartearen stand bat egongo da, eta orain arte egindako argitalpen eta ekintzak azalduko dituzte han.
Aurreko urteetako esperientzia oso positiboa izan da, hegaztiak animalia izutiak direla kontutan hartuta, jendeak atseginez hartzen du halako izaki ederrak gertutik behatzeko aukera hau, baita pizten diren zalantzei erantzuna eman diezaiokeen pertsona bat ondoan edukitzea ere. Ez da erraz ahazten mokozabal edo ugarroi baten edertasuna bertatik bertara nahiz teleskopio on baten laguntzaz ikusi izana.
Hegaztien Eguna hegaztien udazkeneko migrazio garai garrantzitsuenarekin batera ospatzen da, urtero negua pasatzeko hegoalderantz egiten duten bidaiaren barruan. Txingudi atsedenlekua da hegazti hauetako askorentzat, eta bertan ikus daitezkeen hegaztien zerrenda oso luzea da, garai hau ona baita lertxunak eta lertxuntxoak, ugarroiak, txirriak, kulixkak, bernagorriak eta arrano arrantzalea ikusteko, horietaz gain baita azken mokozabalak eta negua hemen pasako duten lehen zertzeta arrunt eta istingorrak ikusteko ere.
Eguraldi txarra, hegazti behatzaileen kasuan, ez da gogogabetzeko arrazoia, hegazti-kopuru handiagoak biltzen baitira babes bila. Egun honetan parte hartzeko ez da hegaztiei buruzko ezagupenik behar, haiei buruz ikasteko gogoa eta jakin-mina baizik; hori bai, gomendagarria da prismatiko batzuk ekartzea.
Lotura berezia dauka Itsas Enarak Txingudirekin, bertan elkarteak lan asko ditu eginak, hauetariko batzuk nahitaezko erreferentzia bihurtu direlarik Txingudik gaur egun dituen garrantzi handiko izendapenak lortzeko garaian, datu zientifikoak aurkezteko garaian. Hauen artean Ramsar zerrendan sartzea Nazioarteko Garrantzi Handiko hezegune moduan edo IBA izendapena (Hegaztientzako eremu garrantzitsua) SEO-Birdlife International- ek emana, baita ZEPA izendapena ere (Hegaztien babeserako eremu berezia) Natura 2000 sarearen barruan eta azkenik Life-Natura europar erakundearen diru-laguntzen esleipena Plaiaundiko hezegunea berreskuratzeko. Mehatxu berria jalgi da, ordea, Txingudiren gainean, Eusko Jaurlaritza haren azalera gehienari babesa kentzeko zereginetan ari baita.
Dibulgazio-ekintzak amaituta, Itsas Enarako bazkideek eta lagunek anaitasun-bazkari bat egingo dute hegaztien egunean.
Hegaztien Egunerako deialdia:
Noiz: Urriaren 7an, igandea, Hegaztien Mundu Eguna.
Non: Plaiaundiko Parke Ekologikoan (Irunen)
Ordutegia: Goizeko hamarretan hasita, goiz osoan zehar; doan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina