2012-10-08

Itsas Enarak Donostiako udala zoriondu egin du Monpasen oinezkoentzako pasealeku bat ez eraikitzea erabakitzeagatik

Itsas hegaztien ugal-kolonia baten etorkizuna kolokan ipiniko zukeen

Itsas Enarak Donostiako udala zoriondu egin du Monpasen oinezkoentzako pasealeku bat
ez eraikitzea erabakitzeagatik


Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Donostiako udala zoriondu egin du Monpasen oinezkoentzako pasealeku bat ez eraikitzea erabakitzeagatik, itsas hegaztien ugal-kolonia baten etorkizuna kolokan ipiniko baitzukeen. Jaurlaritzari eta Aldundiari, berriz, legea betetzeko eta Europar Batasunarekiko naturaren kontserbazioaren arloan sinatutako konpromisoak betetzeko hartu beharreko antolamendu-neurriak har ditzatela eskatu die, hartara etorkizunean halako proiektuak ingurumen-balio ezaguneko tokietan planteatu ere ezin daitezen egin.

Elkarte ornitologiko eta kontserbazionistaren esanetan, atzera bota berri den proiektuak ez zuen inolako justifikaziorik, non eta ez zen aisiarako azpiegitura turistiko bat egitea, balio natural handiko eremu hau besterik gabe hipotekatu ez ezik, hiriko alde urbanizatua eta humanizatua natural kontserbatu denaren eta hala jarraitu behar duenaren kaltean zabaldu ere egingo zukeena. Proiektuak, gainera, Gipuzkoako itsas hegaztien ugal-kolonia nagusira sartuko zatekeen eta han ugaltzen diren hiru espezieen lasaitasuna —ezinbesteko baldintza da hori koloniatan ugaltzen diren espezieek ugalketa onik burutzeko— urratu eta ugalketa zapuztuko zukeen, neurri gabeko bisitari-oldeek eragotzita. Beste hainbeste esan liteke han ugaltzen diren beste hegazti errupikola babestuen kasuan ere. Nekez esan dakioke 'ekologiko' halako proiektu suntsitzaile bati.

Itsas Enara elkarteak gogora ekartzen du, halaber, baztertutako proiektuaren % 90 Europar Batasunak, bertan Europa mailako intereseko habitatak egoteagatik, Erkidego Mailako Garrantziko Leku izendatutako eta laster Kontserbazio Eremu Berezi izendatuko duen eremuaren barruan proiektatu zutela. Figura hura eman izanak berekin dakar euskal erakundeek Europar Batasunaren aurrean balio natural altuko habitat horiek kontserbatzeko konpromisoa. Nahikoa izan behar luke horrek ingurumen-eragina ebaluatzeko azterketa egiteko ez ezik, ezer erabaki aurretik erakundeek eremuaren antolamendua eta erabilera-erregimena finkatu arte itxaroteko ere.

Irregulartasun nabarmen horrez gain, ez da inondik ere onargarria itsas ondoan paseatzeko aukera ematen duelako argudioa proiektuaren alde egiteko: donostiarroi txikitatik irakatsi zaigunez, hirian baditugu dagoeneko ia 11 km itsas pasealeku. Argi dago, beraz, ez dela gehiago behar, are gutxiago halako ingurumen-prezio handia ordainduta. Arbuiagarria da, orobat, proiektu garesti hura beste norbaitek ordaintzen zuelako argudioa. Horren zentzugabetasuna agerikoa da: udalak berak egin zion uko hondakin-erraustegia Donostian egiteari, Monpasko proiektua baino askoz ere garestiagoa (zehazki, 43 aldiz garestiagoa) izanik ere. Ba al dago donostiarrik hura Kontxan ezartzea onartuko zukeenik?

Gipuzkoako Itsasertz Zerbitzuak eta Madrilgo Ingurumen Ministerioak, proiektuaren sustatzaileak izanik, eremua onik kontserbatzeko betebehar legalari uko eginda, beren funtzioaren zeharo aurka eginik jardun dute hura suntsitu nahian. Aurreko udalbatzarreko ingurua kontserbatzeko eskumenaren titular Denis Ichaso arduragabeak ere kudeaketa ezin txarragoa egin zuen, boterea erabat desbideratuz eta babestu beharrekoa babestu beharrean hura suntsitu nahian jardunez, agerian eta lotsagabe, gainera.

Baina administrazio zentrala ez ezik, Eusko Jaurlaritzak ere izan du errurik istorio tamalgarri honetan. Ingurumen Sailak ere, gorago aipatu ditugun EBarekiko konpromisoak betetzeko ardura zuenak ere, baztertu egin ditu bere obligazioak eta argi berdea eman die, besoak gurutzatuta, bai Itsasertz Zerbitzuari eta Madrilgo Ingurumen ministerioari, bai Donostiako aurreko udalari. Hasi ahal konponduko zatekeen hau guztia baldin eta Jaurlaritzak bere etxeko lanak garaiz egin izan balitu eta Uliako BIGaren Kudeaketa Plana ordurako eginda eduki balu, zeren kudeaketa-plan horrek eremuko balio naturalak onik atxikitzeko zentzuzko neurriak ezarri behar baitzituzkeen. Oso susmagarria izan zen bere garaian zeinen pasibo jokatu zuen Jaurlaritzak eta zeinen ondo egokitu zitzaion hori erakunde horietan guztietan zegoen alderdiaren orduko interesei, naturaren eta herritarren kaltean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere izan du zerikusirik, Itsas Enararen iritziz, ia hogei urtean ez dituelako bete natura kontserbatzeko legeek ezartzen dioten zereginetako bat: Gipuzkoan galbidean dauden espezieak zaintzeko kudeaketa-planak onestea, alegia. Euskal katalogoan ageri diren dozenaka espezieentzat egin beharreko dozenaka planetatik bi besterik ez ditu egin. Beren plan propioaren zain dauden espezieen artean, ugarroi bolborina edo mottoduna, Gipuzkoan 1967. urtean desagertu zena, orduan ugaldu baitzen azkenekoz non eta Monpasen bertan, handik 30 urtera itzuli zen bertara. Oinezkoentzako pasabidea eraikiz gero betiko uxatuko genuke hegazti hau Gipuzkoako azken gotorlekua izan duen tokitik. Baina ugarroi bolborinaren kudeaketa-plana eginda eta onetsita egon izan balitz, proiektuak ez zukeen izango aurrera egiteko aukera txikienarik ere. Behin eta berriro eskatu izan dio Itsas Enarak aldundiari dokumentu hori lehenbailehen idazteko eta onesteko, inongo erantzunik ere jaso gabe, argi denez. Ezinezkoa litzateke proiektu burugabe hori gaur egun Bizkaian planteatzea sikiera, duela urte asko onetsi baitzuten han ugarroi bolborinaren kudeaketa-plana, haren habitata aldatzea legez debekatzen baitu. Foru Diputatu sartutako txakolingile batek bere garaian artelatzaren kudeaketa-plana onesteari uko egitea, inondik ere lotsagarria izanagatik ere, ulergarria da, artelatzaren habitatean bertan hazten baitzituen hark bere mahastiak. Baina ugarroiaren kasuan beste hainbeste egin izanak beste gauza baten isla nabarmena da: justifikatu ezineko axolagabekeriarena, hain zuzen. Espero dezagun Bilduk ez izatea Aldundian halako elementurik, bere eginkizuna betetzea galarazten dioten antzeko interes sektorialek kutsatua, haren aurreko guztiak bezala: egurgileen, esnegileen edo txakolingileen lobbyetako buruak beti, guztion interesen kaltean jardun eta kudeaketa-plan horiek atzeratu eta atzeratu egin dituztenak.

Horregatik guztiagatik eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari ausarta izan dadila eta benetan kontserbazio-konpromisoak betetzeko balio duten erabilera- eta kudeaketa-baldintzak lehenbailehen onets ditzala BIGentzat. Halaber eskatzen diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari legeak agintzen dizkion kudeaketa-planak idatz eta onets ditzala, bereziki ugarroi bolborinarena.



Itsas Enara Ornitologia Elkartea



-----------------------------------------PD: Gaiari buruz lehenago argitaratutako sarrerak:


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina