2009-12-29

Inurritza: IEOEk EJri bidalitako gutuna, neurriak har ditzala eskatuz



Nieves Terán Vergara andrea 
Ingurumen Sailburuordea
EUSKO JAURLARITZA
Donostia kalea, 1
01010 Gasteiz



Donostian, 2009ko abenduaren 29an

Andre agurgarri hori,

Honen bitartez eskatzera gatozkizue neurriak har ditzazuela Zarauzko Inurritza errekaren bokalearen leheneratzea benetako leheneratzea izan dadin.

Badakizue noski aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, ‘Leheneratzeko Proiektu’ bat gauzatu dela han. Kontua da egindako lanak ez datozela bat inguru hura biotopo babestu izendatu ostean onetsitako Plan Bereziak xedatutakoarekin. Gure ustez, Plan Bereziaren eskumena zuena denez, eta Leheneratzeko Proiektuarena Gipuzkoako Foru Aldundiarena, zuei dagokizue hari kargu hartzea xedatutakoa ez betetzeagatik.

Baditugu argudio teknikoak eta baditugu argudio juridiko-administratiboak.

Argudio teknikoen artean nagusia da lohidi zabalak ez utzi izana. Ez da onargarria Kantauri aldeko bokale bat leheneratzean ez aurreikustea faunaren osagai garrantzitsua diren limikolentzako elikatzegunerik. Izan ere, errekaren ibilgua ez den eremu ‘leheneratu’ guztia kota garai batean utzi baita, maldarik gabe gainera, landarez beteko delarik. Landare baskularrik gabeko lohidi zabalak estuario bateko berezko osagaia dira, eta ez dago arrazoirik propio ezabatzeko Inurritzatik.

Bestalde, esan behar da kota baxuan utzi dituzten eremu eskasetan harri-koskorrak direla nagusi, limikolek apenas lortuko dutelarik ezer jatea substratu gogor horretan.

Gainera, OSO KEZKAGARRIA iruditzen zaigu oinezkoentzako bidea paduraren erdi-erdira eraman izana. Ez dira bi hilabete bidea ireki zela eta erromeria bilakatu da dagoeneko bidea: familia osoak, bizikletak, surf-taula eta guzti hondartzara doazen kirolariak, irratiak, zakurrak… Hegaztiek ez dute behar duten bakea elikatzeko eta lasai atseden hartzeko, eta, gauzak horrela, nekez erabiliko dute Inurritza bestelako baldintzetan adina. Erabilera estentsiboa izan litekeena berez bilakatu da intentsibo, eta horrek ez du lekurik erreserba natural batean.

Argudio juridiko-administratiboa are objektiboagoa da: Plan Bereziak leheneratu beharreko eremu izendatutako eremuak leheneratu gabe utzi ez ezik, areago eraldatu dituzte: lehen baratza zena, gaur egun zabortegi bilakatu dute. Beste guneetatik erauzitako materialak bertan pilatu dituzte, biotopotik kanpora eraman beharrean. Gaur egun eremu horretako kota —ustez estuari leheneratu bati legokiokeena!— inguruko mendi-larrearena baina sei bat metro altuagoa da. Atera kontuak. Plan Bereziak ‘D.2’ izendatzen duen eremuaz ari gara.

Gogora ekarri nahi dizuegu zer dioen Plan Bereziak leheneratzeko guneei buruz:
— Birgaitze zona. Eskuinaldeko ertza eta Zubiaurre Berri. Sektore horietan Antolamendu Planak kasu batzuetan habitat natural gisa birgaitzera, ingurumena leheneratzera eta hezkuntza erabileretarako egokitzera edo natura balioak finkatutako erabilera intentsoekin bateratzera zuzendutako esku-hartzeak proposatzen ditu. Lehenengoan ezkerreko ertzean padurari irabazitako baratze lurrak daude. Bigarrenean, ibaiaren eskuinaldeko ertzari paraleloa den pasealeku finkatua. Eskuinaldeko ertzaren sektorearen baldintzek, terraza artifizial baten gainean, gaur egun erabilera desberdinek okupatzen dutenek (aparkaleku, baratze, lurzati abandonatu, padura zatiak) eta ibaiaren gainean altxatuek ingurumena leheneratzeko eta interpretazioko ekipamenduak hornitzeko aukerak iradokitzen dituzte.

Halaber, salbuespenik gabe galarazita daude hauek (B kapitulua):

— Hondakinak, zaborra, obra-hondakinak, produktu kutsatzaileak uztea, hala solidoak nola likidoak.
— Lurzoruak narriatzea suposatzen duen edozein jarduketa, baimendu daitezkeen eraikuntzako jarduketak ezik.

Ildo beretik doa noski, erabilerei buruzko taulak D.1 eremuari esleitzen dion erabilera-sorta:

Erabilera egokiak: KONTSERBAZIOA (Mantentzeko jarduerak ingurumena hobetzeko ekintzak gauzatu ondoren eta berariazko jarraipen programa bati jarraiki egingo dira), INGURUMEN HOBEKUNTZA, IKERKETA, AISIA ESTENTSIBOA
Erabilera onargarriak: INGURUMEN HEZKUNTZA, LUR AZPIKO LINEAK (Gaur egun daudenak, baimendutako hazkunderik gabe, baina ingurumena hobetzeko jarduketekin alda daitezkeenak.)
Erabilera debekatuak: AISIA INTENTSIBOA, EHIZA ETA ARRAIN JARDUERAK, NEKAZARITZA, BEROTEGIAK, ABELTZAINTZA, BASOZAINTZA, NEKAZARITZA INDUSTRIA, ERAUZKETAKO JARDUERAK, GARRAIOBIDEAK, AIREKO LINEAK, IZAERA EZ LINEALEKO ZERBITZUEN INSTALAZIO TEKNIKOAK - A MOTA, IZAERA EZ LINEALEKO ZERBITZUEN INSTALAZIO TEKNIKOAK - B MOTA, OBRA HONDAKINDEGIAK ETA HONDAKIN SOLIDOEN ZABORTEGIAK, AURREZ BAZEUDEN NUKLEOETAN BABESTUTAKO HIRIGINTZA HAZKUNDEAK, AURREZ BAZEUDEN NUKLEOETAN BABESTEN EZ DIREN HIRIGINTZA HAZKUNDEAK, ERABILERA PUBLIKO ETA GIZARTE INTERESEKO ERAIKINAK, NEKAZARITZA USTIAPENARI LOTUTAKO EGOITZA BAKARTUA, EGOITZA BAKARTUA, INSTALAZIO ARRISKUTSUAK.

Erreparatu zabortegiak propio debekatzen dituela Plan Bereziak.

Kontsultak eginda, Aldundiak erantzun digu aurrekontu eskasagatik egin dutela horrela. Guk ulertzen dugu ez dela arrazoi nahikoa astakeria hori egiteko, eta pentsatu dugu Jaurlaritzako Ingurumen Sailak baduela zeresanik honetan.


Hori guztia dela eta, hauxe eskatu nahi dizuegu:

1.     Gipuzkoako Foru Aldundiari adieraz diezaiozuela Inurritzaren leheneraketa burutu gabe dagoela harik eta esandako okerrak zuzendu arte:

-         Lohidi zabalak egin arte
-         Lohiko harri-koskorrak bertatik erauzi arte
-         Oinezkoentzako bidea lehengo bidearen parera erretiratu arte
-         Egindako zabortegi erraldoia bertatik kanpora eraman arte

2.      Inurritza leheneratzen bukatu dezala agintzea, Plan Bereziaren edukiarekin bat betiere.

3.     Horretarako behar adinako baliabide destina dezatela agindu diezaiozuela, lanak burutzeko ahalik eta eperik laburrena ezarriz.

Besterik gabe, jaso gure agurrik beroena,


Donostian, 2009ko abenduaren 29an


Rafael Saiz Elizondo - Lehendakaria
Itsas Enara Ornitologia Elkartea

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina