2009-12-16

Ehiza eta hotza: Itsas Enara Ornitologia Elkarteak GFA-ri eginiko eskaera










Donostian, 2009ko abenduaren 16an

Jaun/andre agurgarri horiek,

Erdialdeko Europa hotzaldi handia ari da pairatzen duela zenbait egun, eta haren bilakaera aurreikusteko erabiltzen diren eredu guztiek datozen egunetarako kondizioak are gogorrago bilakatuko direla iragarri dute.

Euskal Herrian ere antzekoa da egoera: egun luzeak daramatzagu dagoeneko hotzak eraginda, eta datozen egunetarako elurra kostaraino zabalduko dela iragarri da (ostiralean), ondoren tenperaturak areago jaitsiko direlarik larunbatean eta, batez ere, igandean. Honen bitartez eskatu nahi dizuegu ehiza xehea aldi baterako debekatu behar baldin baduzue, egoerak hala bultzatuta, has zaiteztela lehenbailehen egoera aztertzen, neurria garaiz hartzeko eta jakinarazteko, eraginkorra izango bada. Halaber, jakinaraz diezaiozuela Ertzaintzari zein diren halakoetan ehiztarien jokamolde deliktibo posibleak.

Ez dadila joan den urtekoa berriz errepika: neurria berandu hartu, hedapen mediatikorik apenas eman ez, eta legez kanpoko ehiztariak nonahi. Gogoan izan debekua automatikoa dela, arauaren arabera, elurra denean; tamalez, GFAren pertsonal urria ez da gauza mendian izan ohi den delinkuente-andana kontrolatzeko, eta Ertzaintzako kideek, sarri, ez dute jakiten nola jokatu halakoetan.

Dakizuenez, datozen egunetako kondizioetan Kantauri aldea izaten da mendebaldeko Europa atlantiko osoan xamurren irauten duen eskualdea, eta bertan biltzen da kontinente osoko hegazti-populazioen frakzio handi bat. Izan ere, kontinentea bera ez ezik, Iberiako meseta eta Ebroren ibarra ere hormatuta baitaude.


Eskaera hau aintzat izango duzuelakoan, jaso gure agurrik beroena,


Rafael Saiz Elizondo
Itsas Enara Ornitologia Elkartea - Lehendakaria

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina