2009-12-04
Plaiaundiko egoerak kezkatuta, prentsara atera dira Itsas Enara, SEO/BirdLife eta Aranzadi
Irungo Udalaren jarrera negatiboaren aurrean, prentsa-ohar hau kaleratu zuten joan den asteazkenean, hilak 2:
SEO/BirdLifek, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak beren kezka erakutsi dute Irungo Udalak Txingudiko Natur Baliabideak Babestu eta Antolatzeko Plan Berezian jasotako konpromisoak betetzen ez dituela eta, eta uste dute Udalak ez lituzkeela bere ahaleginak Plaiaundin diren kirol-instalakuntzak sendotzera bideratu behar, baizik eta bertatik beste norabait eraman behar lituzkeela, han egiten diren jarduerak Plaiaundiko Parke Ekologikoa natura-gune babestu moduan babestearekin eta kontserbatzearekin bateraezinak baitira.
Azken hilabeteotan hainbat lan ari dira egiten Plaiaundiko Parke Ekologikoaren barne diren kirol-instalakuntzak egokitzeko eta sendotzeko, alegia, Natura 2000 sarera eta Ramsar-ko Hitzarmenera bildutako hezegunea leheneratzeko eta kontserbatzeko helburua duen Txingudiko Natur Baliabideak Babestu eta Antolatzeko Plan Bereziak babestutako eremuaren barruan.
Plan Berezia lau erakunderen interesak bultzatuta idatzi zen (hots, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Irungo Udalak eta Hondarribiko Udalak bultzatuta), Txingudiko badia kontserbatzeko tresna moduan oro har, baina bereziki bertako paisaia eta balio naturalak, betiere ekosistemen dinamika eta egitura sustatuta. Halaber onartu zen herritarrek lekuaz aise gozatzeko konpromisoa, betiere inguru naturalarekiko begirunea oinarri zuen aisia-erabileraren alde eginik. Era berean, natur ondarearen ezagutza sakona erraztuko zuten ikerketa- eta ingurumen-hezkuntzako jarduerak sustatu eta programatuko zirela aipatzen zen han, Naturari ezinbestean zor zaion begirunea helburu harturik.
Bereziki azpimarratu zituen Plan Berezi hark padura berreskuratzeko lanak, eta Babes Bereziko Lur moduan sailkatu zuen Plaiaundiko lurrak, haientzako lehentasuneko erabileratzat ezarriz kontserbazioa, ikerkuntza, inguruaren irakaskuntza eta kontrolpeko aisia. Gainera, jatorrizko morfologia, lurzorua, hondoak, drainatzea nahiz landaretza nabarmen eralda lezaketen ekintza oro berariaz debekatu ziren, bai eta fauna-komunitateei eragozpenak eragin liezazkieketenak ere. Kirol-instalakuntzak bertatik beste norabait eramatea gomendatu zuen Plan Bereziak, orobat.
Irungo Udalak, kirol-instalakuntzak handik eraman beharrean, sendotzeari ekin dio inguruko balioei gaizki eragiten dieten hainbat lan bultzatu baititu.
Kirol-instalakuntzen sendotze-lan horiek Plaiaundiko balioei eragiten dieten efektuak aldez aurretik ondo balioetsi behar ziren, Habitatei buruzko Europako Arteztarauaren 6. artikuluak dioen bezalaxe.
Komeni da gogoraraztea Babestutako Inguru Naturalari kalterik eraginez gero ez dagoela proiektua onesterik, ez bada salbuespenerrejimen korapilatsu eta garestira jota. Horregatik eskatu nahi diogu Irungo Udalari saia dadila Plaiaundiko kirol-instalakuntzak lekuz aldatzen eta ez ditzala sendotu.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
Zorionak ekimenagatik Irundik. Eutsi gogor eta segi aurrera!
ErantzunEzabatu