Ugarroi bolborina edo mottoduna (Phalacrocorax aristotelis) 1967. urtean umatu zen azkenik Gipuzkoan, erabat desagertu aurretik. Hogeitamar urte igaro ondoren --Bizkaiko populazioak gora egin zuela eta, antza--, berriro etorri ziren ale batzuk eta umatzen hasi ziren. Gaur egun, 2009. urtean, populazioa oso txikia da oraindik, eta galtzeko arrisku bizian dago: hamar bat bikote dira.
Euskal Autonomia Erkidegoan Arriskuan dauden Espezieen Katalogoan, bakanen kategorian sailkatuta dago. Horrek berekin dakar harentzat kudeaketa-plan bat egiteko beharra, kontserbazioa eraginkorra izango bada.
Ugarroiaren kasuan, alabaina, ez da horrelakorik egin Gipuzkoan (Bizkaian bai), legeak hala aginduagatik ere. Horregatik, Itsas Enarak eskatu die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari lehenbailehen ekin diezaiotela lanari.
---------------------------------------------------------------------------
Donostian, 2010eko urtarrilaren 5ean
Jaun/andre agurgarri horiek,
2008ko apirilean Itsas Enara Ornitologia Elkarteak erregutu zizuen, Iñigo Mendiolaren bitartez, lehenbailehen has zinteztela erredaktatzen Ugarroi Bolborinaren (Phalacrocorax aristotelis) kudeaketa-plana, Natura babesteko legeriak katalogatutako espezieen kasuan agintzen duenari jarraituz.
Dagoeneko ia bi urte igaro dira eta ez dugu zuen erreakzioaren berririk. Areago, ez dugu erantzunik jaso ere egin.
Ez dugu ulertzen zuen jarreraren arrazoia, eta besterik ezean, ikaragarri axolagabea iruditzen zaigu. Gogorarazi nahi dizuegu zuena dela Gipuzkoako basa-fauna babesteko eta iraunarazteko erantzukizuna eta eskumena, eta zuei dagokizuela horretarako neurriak hartzea, ez lege-arauek agindutakoak soilik, baizik eta beharrezko suertatzen diren guztiak.
Ordutik hona, gainera, espezie honek ikaragarrizko gainbehera jasan du Iberiako bere gotorleku nagusia zuen eremuan --Galizian eta Asturiesen, hain zuzen--, horren ondorioz ekialdeko Kantauriko populazioen etorkizuna zaildu eta garrantzia areagotu direlarik.
Horregatik guztiagatik, berriro ere eskatzen dizuegu, orduan baino are premia handiagoz, lehenbailehen prestatu, idatzi eta onets dezazuela Ugarroi Bolborina babesteko beharrezkoa eta ezinbestekoa den Gipuzkoako kudeaketa-plana, Bizkaiko Aldundiak hango populazioetarako egin duen bezalaxe.
Besterik gabe, jaso gure agurrik beroena.
Rafael Saiz Elizondo
Lehendakaria
---------------------------------------------------------------------------------------------------------
Itsas Enara Ornitologia Elkartea - Anoeta pasealekua, 28, 20014 DONOSTIA
IFK G20411542
http://www.itsasenara.org/
http://www.ieoe.blogspot.com/
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina