Duela 24 bat urte
(1991eko abenduaren 5ean) Txingudi berreskuratzeko, kontserbatzeko eta
babesteko kooperazio-hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako
Foru Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko Udalek. Aipatu hitzarmena 1993eko
uztailaren 8an erakunde horiek berek berretsi egin zuten AKORDIO baten bidez
eta horretatik Txingudiko Baliabide Naturalak Babesteko eta Antolatzeko Plan
Berezia sortu zen. 93ko AKORDIO horretan jadanik agertzen zen Plaiaundiko kirol-instalazioak
babestutako eremutik ateratzeko konpromisoa. Hala ere, konpromiso horrek bete
gabe jarraitzen du gaur egun eta, are okerragoa dena, ez dago inongo itxaropenik
hurrengo urteetan burutzeko.
Txingudiko balio
ekologikoen onarpenari esker, Bidasoaren itsasadarra, munduko hezegune
garrantzitsuenak biltzen dituen Ramsar Hitzarmenera bildua izateaz gain, KEB
(Kontserbazio Eremu Berezi) eta HBEB (Hegaztien Babeserako Eremu Berezi) figuren
pean, Europako Natura 2000 Sarera sartu zen.
Bai Plan Bereziak,
bai KEBen eta HBEBren kudeaketa dokumentuek, biek ala biek xedatzen dute gaur
egun kirol-instalazioek betetzen duten alderdia padura moduan berreskuratu
behar dela. Kirol-instalazio berriak eraikitzea, beste arazo bat da orain arte
konpondu nahi izan ez dena, edo aurrera eramaten jakin ez dena.
Kirol-instalazioak
kentzeko epea lau urte baino laburragoa den une honetan, Zubietako kokapenaren
bukaezineko kiribilarekin berriro hasi nahi dute eta, bideragarria ez bada,
beste aukera batzuk aztertu. Azken hamarkada hauetan ez da ezer aldatu,
Plaiaundiko instalazioak kentzeko premia izan ezik. Zubieta Hondarribia da
oraindik ere, bertako eremu batzuek pribatuak izaten jarraitzen dute, uholde-arriskua
duen lekuan dago, babestutako espezieen bizilekua da, eta kirol-instalazioen
eraikuntzak beste industria-, merkataritza- zein etxebizitza-garapenen mende jarraitzen
du. Labur esanda, argi dago Zubietan ez dela ez rugby-zelairik, ez atletismo-pistarik,
ez instalazio osagarririk eraikiko.
Bi urteko epea
ematea “Zubietaren aldeko apustuan urrats esanguratsuak egiteko” geratzen den
denbora baliotsua alferrik xahutzea baino ez da. Denbora hori, denboran
bideragarriak diren eta Zubietaren eragozpenak ez dituzten beste aukeren gainean
lan egiteko erabili behar litzateke. Aukera horiek badira, oso ezagunak dira,
eta ez lirateke Zubietaren porrotaren
ondorengo B aukera modura utzi behar.
Txingudiko Plan
Berezia ez betetzeak garbi erakusten du ez dela inoiz aintzakotzat hartu.
Agian, inplikaturiko erakundeen borondatearen baitan dagoen “tokiko” zerbait
modura ikusi delako. Baina orain, gauzak aldatu dira, izan ere, KEBerako eta
HBEBerako onartutako kudeaketa-planak ez betetzeak Europako erakundeen zigor
ekonomikoak ekarriko ditu. Ez dugu ahaztu behar erakunde horiek Life programaren
bidez diru-laguntzak onartu zituztela arazo hau konpontzeko, baina
konprometitutakoa ez betetzeagatik diru-laguntza
horiek itzuli egin behar izan zirela.
Irungo Udaleko
azken gobernuek gai honekiko erakutsi duten interes eta borondate politiko eskasak
inork nahi ez duen egoera saihestezina ekarriko du. Gauzak aldatzen ez badira,
instalazioen erabiltzaileek ikusi beharko dute hauek desagertzen direla ordezkorik
izan gabe. Orduan, alferrikakoa izango da kanpoko errudunak bilatzea, Irungo
Udaleko arduradunen utzikeriaren ondorioa izango baita.
BIDASOALDEKO LAGUNAK:
Eguzki Bidasoaldeko Antinuklear eta Ekologistak,
Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, SEO/BirdLife,
Federación AA.VV. OIASSO 2000 Auzo Elkarteen Federazioa.
Irunen, 2015ko otsailaren 20an