Joan den udazkenean ustekabean aurkitu genituen hegazkinak berriz ere hegan Motondo gainean. Izan ere, ahaztutako kontutzat geneukan, Orioko udalak hala ibiltzerik ez zegoela jakinarazi baitzien, Natura 2000 sareko eremu gisa indarrean diren gidalerroak eta Orioko udalaren beraren Plan Orokorraren xedapenak aintzat hartuta eta udal-arkitektoari aldez aurretik galdetuta. Arkitektoaren txostenak ere jarduera hura legez kanpokotzat jo zuenez, modelistei egoera zein zen jakinarazi zien Solabarrieta alkateak.
Udal hauteskundeek eragindako aldaketaren ondoren, baina, han ikusi genituen berriro modelistak beren zereginean. Haien webgunean ikusi genuenez, udalak baimena emana omen zien.
Baina udalean galdetuta, ez zen baimen horren inongo arrastorik inon ageri: ez eskaerarik, ez txosten teknikorik, ez txosten juridikorik, ez erantzunik, ez ezer. Herriok eta Itsas Enarak udal-plenoan galdetuta, Zaldua alkateak esan zuen berari telefonoz deitu ziotela eta berak baietz erantzun ziela. Alegia, prozedura legal guztien gainetik. Udal Idazkariak hantxe azaldu zuen zer urrats egin behar ziren halako kasu batean, eta alkateak ez zuen bat bera ere betea.
Gatazkari irteera eman nahian. Zaldua alkateak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari galdetzea, epailearena hark egin zezan eta ez berak.
Iritsi da azkenean Lakuaren erantzuna eta, jakina, ezin besterik esan: indarrean diren arauen arabera ez dago Motondon ez aeromodeloak ez droneak erabiltzerik. Kitto.
Halaber dio Lakuak Udaltzaingoari eman behar zaiola horren guztiaren berri, berari baitagokio jarduera horiek eragiten dituzten segurtasun-kontuak zaintzea.
Urte Berri on guztioi!
Herrio Natura Taldea
Itsas Enara Ornitologia Elkartea
Itsas Enara Ornitologia Elkartea
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina