2015-11-16

Ibilaldia Plaiaundin barrena, Bidasoaldeko Lagunen eskutik


Igandean, azaroak 22, 10:30tik 13:00ak bitartean

Txingudi eta hango biodibertsitatea zeharo lehengoratzearen alde!

Gaur egun, Txingudiko badia bere jatorrian Bidasoa ibaiaren delta izan zenaren azken aztarna da. Bere kokapen geografiko-administratibo dela eta, betidanik, azken urteetan are sendoago, bere balio eta ingurune naturalen narriatzea pairatu du. Hirien presioak, eta azpiegiturek, hala nola aireportua, trenbideak, portuak eta errepideak, bizi-azalera mugatu diote nabarmen. Ez dira iraganeko kontuak, gaur egun ere hor baitiraute, eta gainera horiei beste eragin berri batzuk gehitzen ari zaizkio. Pasabideen proiektuak, dragatzeak, trenbide-asmo berriak, aurreikusitako hainbat lehengoratze ekimen ez gauzatzearekin batera, erabat galarazten ari dira ingurune honek bere balio eta dinamika naturalak berreskuratzea. Ez dugu ahaztu behar lehengoratzeko ekimen horiek teorian Txingudi babesten duten babes figuren pean onartuak izan direla, hala nola, Plan Berezia, Natura 2000 Sarea (Kontserbazio Eremu Berezi eta Hegaztien Babes Berezirako Gune) eta Hezeguneen Ramsar Nazioarteko Hitzarmena.

Plaiaundiren bihotzean kokatuta dauden kirol instalazioak dira, gaur egun ere, oraindik han baitaude, lehengoratzeko oztopo garrantzitsuena, oso eragin negatiboa baitute. Padura modura lehengoratu behar den lur azaleraren zati handi bat hartu ez ezik, bertako aktibitateak fauna basatiari eragozpen handiak ere eragiten dizkio. Kirol-instalazio horiek eraistea bi hamarkada baino gehiagotan atzeratu da honezkero, nagusiki Irungo Udalaren axolagabekeriaren ondorioz. Instalazio horiek desagertzeko epeak agortzen ari dira, haien aitzakiekin eta elkarte kontserbazionisten pazientziarekin batera. Gainera, ez dirudi gatazke desagertuko denik, instalazio horien lekualdatzea ez baita inolaz ere hurbil ikusten.

Hala ere, Natura burugogorra da; izan ere, gizakia Lurrean agertu baino lehen dagoeneko lanean ari ziren indarrak hor jarraitzen dute orain ere, beren lana egiten. Horrela, hamaika espezietako milaka hegazki Txingudin agertzen jarraitzen dira, bai migrazio aldietan beharrezko pausagunea dutenak eta bai Txingudi negua igarotzeko edo ugaltzeko erabiltzen dutenak.

Txingudiren babesean inplikaturiko administrazio guztien eginkizuna da beharrezko neurri guztiak martxan jartzea Txingudik bere potentzialitate ekologikoak ahal beste garatzeko, hasi Eusko Jaurlaritzatik eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun eta Hondarribiko Udaletaraino. Balio horien garrantziaz kontzientziatuta gauden elkarte eta norbanakoei, ordea, hartutako konpromisoak betetzea etengabe exijitzea dagokigu.

Plaiaundi Txingudiko badiaren erdian dago, baina badira balio handiko beste hainbat alderdi: Higerretik hasita Dunbarrietaraino, Beltzeniako padura, Jaitzubiko ibarra, Bidasoako Irlak eta ibaian gora, Alunda eta Lastaola ibai lurmenak ditugu. Zoritxarrez, ingurune baliotsu horiek bananduta agertzen dira bata bestearekiko, eta beren arteko lotura zaila suertatzen da. Beste aukera batean hurbilduko gara horietara ere.

Plaiaundi bisitatzea hango ibilbideetatik paseatzea baino zerbait gehiago da. Naturzaletasunak bultzatuak, bertan behaketa-ordu asko igarotzen dutenekin lagunduta egiten badugu eta bertako faunak eta florak merezi duten begiruneaz eta patxadaz mugitzen bagara, Plaiaundiko espazioak eta espezieak deskubritu ahal izango ditugu. Eramaten uzten badugu, eguneroko errutina alde batera uzteko aukera izango dugu eta ziurrenik ingurune paregabe honekiko lotura afektibo bat lortuko dugu, babesteko uste sendoa berretsiz.

“Ez da maitatzen ezagutzen ez dena, ez da babesten maitatzen ez dena”


OHARRA: Ibilbidea laua eta erosoa da, eta ez da 2 km-ra iristen, beraz mundu guztiarentzako modukoa da. Eguraldiaren aurreikuspenak kontuan hartu behar dira janzkera egokia aukeratzeko. Prismatikoak izanez gero, eraman itzazu.

Bidasoaldeko Lagunak
Eguzki Bidasoaldea, Ekologistak Martxan, Itsas Enara Ornitologia, SEO/BIrdLife,  Oiasso 2000 Auzo Elkarteen Federazioa eta JM Alquezar, CVC-ko ohorzeko kidea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina