2008-11-04

Ugarroi handien txikizioak: Itsas Enarak GFAri helarazitako idatzia












Donostian, 2008ko irailaren 25ean

Jaun agurgarri horiek,

Joan den ostegunean, hilak 18, izandako bilera dela eta, zenbait gogoeta helarazi nahi genizueke.
 
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu eskatutako informazioa emateagatik eta, bidenabar, etorkizunean elkarrizketarako bidea zabaltzeko eskaintza egiteagatik, horrelako kontaktuak eta informazio- eta ikuspegi-trukeak, bai zuentzat, bai guretzat, ezin aberasgarriagoak izan daitezkeela uste baitugu, norberaren filosofia, zeregin eta irizpideak gorabehera.


Bileraren muina ugarroi handiaren kudeaketa izanik, lehenik eskatu nahi genizueke berrestea, mesedez, hartan emandako dokumentuak direla espedientean dauden guztiak. Alegia:
 
  1. Plan de actuaciones para la mejora de los resultados de las repoblaciones con salmónidos en los ríos de Cantabria. Gobierno de Cantabria. 2004ko azaroa 
  2. Programa de control experimental de la depredación por cormorán grande en los ríos de Cantabria. Resultados invierno 2004-2005. Gobierno de Cantabria. 2006ko apirila
  3. Ubarroi (Phalacrocorax carbo) zenbaketa 2005-2006. GFA
  4. Conteo de la población de cormorán grande (Phalacrocorax carbo) en Gipuzkoa. 2005-2006. GFA 2006ko maiatza
- Kontu teknikoak:
  1. Espedienteko txostenak gutxiegi dira, ez dira nahikoak. Ez dugu aurkitu REDCAFE proiektuaren arrastorik, ez eta Gipuzkoan espeziearen elikadurari buruz aurretik egindako proiektu bakarrarena ere (JM Lekuonarena, hain zuzen), ez eta SEO/BirdLifek 2003n egindako II. neguko zentsu nazionalarena ere. Abiapuntu moduan, oso pobrea iruditu zaigu eta arazoaren analisi globala baino, badirudi egin dena izan dela zenbat ugarroi eta nola garbitu erabaki, ez zer egin behar den ikertu.
  2. Bidenabar, zenbait lanen kopia bidaltzen dizuegu: Lekuona (2000), REDCAFE (2003), INTERCAFE proiektuaren hasierako dokumentua, Consultora de Recursos Naturales (I), Consultora de Recursos Naturales (II), Matzabeko (I) eta Matzabeko (II). Erreparatu azken lau horien ondorioen bilakaera tenporal harrigarriari.
  3. Leitzarango arrantzaleku intentsiboaren kudeaketa dela eta, jasangarritasunik gabea iruditzen zaigu, berez, eredua. Ingurune naturalean berariaz arrainak askatzea gero arrantzaleek harrapa ditzaten, eta ez beste ezertarako, ez zaigu kudeatzeko modu egokia iruditzen. Are gutxiago, espezie arrotzak (Oncorhynchus mykiss) edota bertako espezie baten (Salmo trutta fario) ale triploide antzuak erabiltzea; bereziki horrek aparteko lehiakideak ezartzen baitizkio berezko amuarrainari, zeini eta, hain zuzen ere, azken urteotan gainbeheran dagoen espezieari.
  4. Gauzak horrela, nekez jo daiteke kaltegarritzat ugarroien presentzia kontserbazioaren ikuspegitik; aitzitik, bertako amuarrainaren lehiakideak urritzen lagunduko lukete hegaztiek. 
  5. Ikusi behar litzateke zer eragin izan duen ale triploide antzuak askatzeak bertako populazioaren egoera zailean. Kontuan izan askatutakoak eta basatiak ekologikoki berdinak direnez, elkarren lehiakde zuzenak direla, eta, nahastu ondoren, populazio osoaren ugalkortasuna, batez beste, urritu egiten dela ale antzuak askatzen diren eremuetan, populazioaren diluzio hutsez. Bestalde, askatzen diren arrainak tamaina handikoak izanik, amuarrain basati gazteen gaineko depredazioa areagotu liteke horrela, heldu berriek ugalketan laguntzen ez dutelarik.
- Filosofia kontuak:  
  1. Uste dugu Gipuzkoako erreken egoeraren eta bertako iktiofaunaren aldaketa dela-eta, arrantzaleek nolabait egokitu behar litzaizkiokeela egoera berriari eta amuarrainaren gaineko presioa laxatu eta gero eta ugariagoa bilakatu den barboari begira ipini behar liratekeela. Aldundiak aldaketa hori bultza lezake.  
  2. Egungo konpetentzia-banaketaren ondorioa da noski hori. Ez da logikoa sail berean egotea natura babesteko ardura eta naturari zuzenean eragiten dioten jarduera batzuena: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, ehiza eta arrantza. Interes-gatazkak ezinbestekoak dira, eta, tamalez, erabakiak ez dira natura babestearen aldekoak izaten askotan. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduera ekonomikoak dira; ehiza eta arrantza kirolak dira. Bana ditzagun horien ardurak dagozkien sailetara, eta bil dezagun naturaren babesa gainerako ingurumen-ardurekin batera.
  3. Ez zaigu bidezkoa iruditzen egindako ekintza natura babesteko sailak egitea, planteatu duzuen 'arazoa' ez delako ingurumen-arazoa, beste mota bateko arazoa baizik. Ezer egitekotan, kirol sailak egin behar luke, edo behintzat sustatu, zuei zuen iritzia galdetu, eta, aurrera egitekotan, haiek ordaindu haien aurrekontuaren kontura, ez natura babestekoaren kontura. Natura babesteko sailak polizia-funtzioak egin behar lituzke.
  4. Ez zaigu bidezkoa iruditzen jarduera ludiko arrunta besterik ez den kirol-arrantza babestea beste inolako arrazoirik ez daukan ugarroi-garbiketa. Ez dugu ulertzen nola egin dezakeen halakorik bere zereginen artean basafauna babestea duen erakundeak. Oso beldurgarriak iruditzen zaizkigu aurrera begira horrek ekar litzakeen ondorioak. Kolonbofiloen jarduera babesteko belatzak garbituko ditugu? Yate-jabeak lasai egoteko kaioak garbituko ditugu?
Gogoeta hauek guztiak hobe-beharrez egindako iradokizun moduan hartzea nahi genuke, eta berriro azpimarratu nahi dugu prest gaudela, erabat, zuekin elkartzeko eta informazioa trukatzeko, bai eta elkarrekin jarduteko interes komuneko kontuetan.

Adeitasunez,

Rafael Saiz Elizondo
Lehendakaria


1 iruzkin:

  1. 2010/11/16: Aldundiak oraindik ez du erantzun. Honezkero ezin gara gehiago harritu.

    ErantzunEzabatu