Prentsaurreko honen helburua Gipuzkoako
16 natur talde eta erakunde ekologistok Aldundiko Mendietako eta Natura
Inguruneko Zuzendaritzarekin, eta zehatzago esanda, natur kontserbazioari eta
bioaniztasunari lotutako gaiekin, legegintzaldi honetan izan dugun harremanaren
balorazioa egitea da. Bide batez, Berrikuntza, Landa-Garapena eta Turismo
Sailean berriki egon den kargu aldaketa baloratzea ere.
Bilduk Foru Aldundiko agintaritza
aldaketaren izenean hartu zuela ikusita, Gipuzkoako mugimendu ekologistak elkarlanean
aritzeko apustua egin zuen. Hamasei natur talde elkartu eta lanean hasi ginen
Foru Aldundiaren arlo honetako Zuzendaritzaren kudeaketa beste norabide batean
jartzeko.
Hasieratik izan da bidea aldapatsua.
Batetik, Sailen banaketa egiterakoan ingurumena bioaniztasuna eta natur
kontserbaziotik bereizi zen, azken hau jarduera ekonomiko gisa planteatuz;
bestetik, karguen izendapenak ikustearekin batera adierazi genuen zailtasunak
aurreikusten genituela aldaketarako. Hain zuzen, egurgintzako interes pribatu
jakinek bioaniztasunaren zaintzarekiko lehentasuna izaten jarrai zezaketelakoan.
Hala ere, aurrera egin genuen, eta azken urte hauetan Gipuzkoako Foru Aldundian
inoiz diseinatu eta garatu ez den natur kontserbazioaren aldeko plangintza
egiteko oinarriak ezartzen saiatu gara.
Proposamen ideologiko
eta tekniko serioak,
gaitasuna eta elkarrizketarako
borondatea badituela erakutsi dugu. Ondare naturalaren kontserbazioa, defentsa
eta berreskurapena ahalbidetuko duen kudeaketa-eredua ezartzeko bost txosten
aurkeztu ditugu, eta dozena inguru bilera egin ditugu gure ikuspegiaren beharra
eta zilegitasuna erakusteko. Bi dira ozen egin ditugun aldarrikapenak: (1)
naturaren kontserbazioa eta ustiapena argi bereiztea aurrekontuetan,
naturaren kontserbazioa helburu estrategiko nagusia bilakatuz, eta
(2) natur ondarearen ustiapenaren plangintzan eragile sozialen (naturazaleak
eta naturaren babeserako ekintzaileak) eta Udalen hitza aintzat hartzea.
EGUR-LOBBYen ERAGINA
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako
eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak, nagusiki, bi lobbyen interesei erantzuten die, gure iritziz: (1) egurraren
negozioan interesak dituzten baso-jabeen elkarteari (GEBE), eta (2)
ehiza-federazioari. Baso zaleek eta ehiztariek beti izan dituzte ateak irekita
Gipuzkoako Foru Aldundian, eta eurak baldintzatu dituzte sail honen norabidea,
aurrekontua eta politika publikoak. Arlo horretan interes zuzena duten taldeak
izanda, ulertzekoa da euren ikuspuntua kontuan hartzea. Baina, ezin da ahaztu
guztiona den ondare naturala dela, biek ala biek, ustiatzen dutena, eta sail
horrek kudeatu beharko lukeena: ibaiak,
ura, lurzorua, kalitatezko
paisaiak, basa fauna eta
flora, basoak, larreak,
beste habitat naturalak,
prozesu ekologikoak … eta
horretarako aurrekontu publikoak.
Hori da Aldundiko arduradunei adierazten dieguna: guztiona den eta lehentasunez
babestu beharko litzatekeen ondare naturala eta baliabide ekonomiko publikoak,
gutxi batzuen interes pribatuen menpe jarri dituela. Lobby horien kudeaketa-eredua ez baita jasangarria, ez behintzat
naturazaleon ikuspegitik.
BASO-KONTSEILU
BERRIAN NATUR TALDEAK KANPORATUTA
Baso zaleekin zuzena zen lehendik ere
harremana, eta orain Baso Kontseilua sortu da baso zaleen elkartearen (GEBE),
nekazal sindikatuen (EHNE, ENBA, zeinak lurjabe diren heinean, ezin dugun
ahaztu ustiatzaileak direla) eta egurraren eraldaketa enpresen ordezkariekin.
Natur taldeak ere partaide gara, baina azken bileran kanporatuak izan ginen. Aipatzekoa
da sailean bertan lanean ari diren teknikariek, eta Mendi Ingeniaritza
Eskolaren izenean kontseilu honetara aurkeztu diren agiriek arlo honetan egiten
den kudeaketa nola justifikatzen duten. Baso-politika intentsiboaren ardatza
den pinuaren gainbehera, eta horri lotutako negozioa, ezbaian egonda ere, status quo hau, gure ustez lotsagarria dena, defendatu eta diru
publikoa orain arte bezala banatzearen alde egiten ari diren lana harrigarria
da, zinez, gure iritzian. Baina ulergarria, euren negozio pribatuak bide
honetatik baino ez direla errentagarriak ulertzen bada.
Basogintza-sektoreko elkarteek lantzen
duten baso ustiapenaren eredua ez da jasangarria. Mendian irekitako ehunka
kilometro pista, matarrasek eragiten duten higadura, espezie arrotzen monokultiboen
landaketak mendiak basamortu ekologiko bihurtzeak … ez du zerikusirik naturaren
kontserbazioarekin edo bioaniztasuna hobetzearekin. Eta ingurumena kaltetzen duten
interes pribatu horiek guztiak, diru publikoz lagunduta daude, naturaren
kontserbaziorako diru-laguntzen bitartez. Horrela uler daiteke sektoreko
interesatuek egungo egoera aldatzeko adierazten duten beldurra, ustiapen hauek
errentagarriak izateko diru-laguntza publikoen premia baitute.
EHIZTARIAK
KONTSERBAZIOAREN KONTURA
Ehiztariak, lotura zuzena izan dute
beti sail honetako arduradunekin. Ehiza-federazioari eta baso-jabeen elkarteari
milioika euro eman zaizkie, horrela, diru publikoa jarduera pribatuetarako
desbideratzen delarik diru-laguntza nominatiboen bidez. Aitzakietako bat,
nekazaritzan kalteak eragiten dituzten piztiak
kontrolatzea ei da, baina hala balitz, diru-laguntza horiek nekazaritza
sailetik bideratzea litzateke zentzuzkoena, gure ustez. Ehizaren inguruko
kudeaketa naturazaleon bizkar (kontserbaziorako aurrekontuetatik) egin da.
PARTEHARTZE
PUBLIKOA BERMATZEA: BIOANIZTASUNAREN MAHAIA OSATZEAREN ESKAERA
Mendietako Zuzendaritzako parte-hartze
publikoaren eredua (egurra, ehiza) lobbyen
mesedetara eraikita eta egokituta dago: interes korporatibistak dituzten gutxi batzuek erabakitzen
dute gipuzkoarren dirua nola kudeatu.
Esan bezala, lobby horiena ez ezik
naturazaleon ahotsa ere arlo honen kudeaketan aintzat hartzea izan da azken
legealdi honetan egin dugun aldarrikapena. Horretarako, Bioaniztasunaren Mahaia sortzea eskatu dugu: guztion interesak
ikusaraziko lituzkeen parte-hartze publikorako organo zabala egituratzea. Natur
ondarea kontserbatzeko, ezinbestekoa da ustiapena eta kontserbazioa
kontrajarriko dituzten begiradak eta diskurtsoak bateratzea. Bestela, natur
ondarearen etengabeko galera pairatzen jarraituko dugu.
Mahai horrek, ordea, ez luke zentzurik bertan urteko
(eta urteetako) plangintzak aztertuko eta eztabaidatuko ez balira. Hau ere
ametsa da gaur gaurkoz. Iaz sail horretako arduradunek plangintza baten
egitasmoa aurkeztu baziguten ere, ia urtebete beranduago ez da ezertan gauzatu,
eta larriagoa dena gure ustean, ez du aurrekontuetan eragin.
AGINTALDI
HONEK KALE EGIN DU
Agintaldi honetan ez genuen miraririk
espero, baina posible zen, eta uste dugu zilegi dela aldaketarako oinarriak
ezartzea. Gure aldetik ahalegina egin dugu. Prozesu luze honetatik gauzatu
dugun lorpenik handiena Gipuzkoako natur kontserbazioaren eta ekologismoaren
ahotsa bateratzea izan da. Ezagutzen ditugun talde guztiak batu gara, eta
guztion artean partekatzen dugun diskurtsoa harilkatu eta proposamen zehatzen
bidez bideratu dugu Gipuzkoako Foru Aldundira. Ez du balio gizarte eragileen
aldeko diskurtsoak egiteak, aurrean daudenean aintzat hartzen ez badira.
Horrela sentitu gara, eta horrela adierazten dugu.
Urte hauetan naturaren kontserbazioak
ez du ia lekurik izan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta ondare naturalaren
defentsan, zaintzan eta kontserbazioan aritu beharko luketenak naturaren
ustiapena kudeatzen ari dira. Hutsa, lehen sektorearen onerako eta gizartearen
onurarako balitz, baina horretarako ere ez, lehen sektoreak bizi duen
gainbehera ikusita. Baina, eredu honek badu alternatibarik. Natur eremuen
zaintzatik bestelako inbertsioak eta lanpostuak eragin daitezke. Ingurumen
enpresetan, I+G+i-ak, turismo jasangarrian aukera berriak, natur behatokiak,
azterketak, argazkilaritza-molde berriak (birdwatching taxuzko
ekimenak), edota gizartean eta
hezkuntzan barneratuak dauden natur eremuekiko tailerrak (zeinak
nekazaritza-eredu berriekin uztartu daitezkeen) ...
Naturaren eta
basa bizitzaren kontserbazioaren arloan argi dugu legealdi
honek ez
duela aldaketarako aukera
handirik eman orain arte. Dena dela, txalotzekoa da Mendietako eta Natur
Inguruneko Zuzendariaren ordezkapena. Aldaketa horren hasiera bada, ongi
etorria izan bedi. Baina, argi gera dadila, mendietako zuzendari berriarena
bide baten lehen pauso gisa bakarrik uler dezakegula, eta jarraian helburuetan,
planifikazioan eta organigraman aldaketak etorri beharko dutela, baita egun
onartutako aurrekontu urrien tamainan eta norabide-aldaketa ere.
Zehazki, eta aurrekonturik ezean eragina
sinbolikoa baino izango ez bada ere, legegintzaldi hau bukatu aurretik egin daiteke:
Foru Aldundiko jabegokoak diren baso-eremuetan bioaniztasuna lehenetsiko duten
plangintzak egin (monokultiboak kudeatzean natur balioen kontserbazioa
lehenetsiz balizko errendimendu
ekonomikoaren gainetik eta eremu horiek bertako espezieekin birlandatuz),
babestutako eremuetako plangintzak Kontserbazio Bereziko Lekuen plangintzetara
doitu eta eremu horietarako aurrekontuak zehaztu, eta bukatzeko,
Bioaniztasunaren mahaia sortu.
BIDELAGUNAK
IZATEKO PREST
Ez dugu egindako bidea ezkortasunetik
bizi nahi. Prozesu honek Gipuzkoako natur eragileak biltzeko balio izan du, eta
elkartuta jarraitzeko asmoa erakutsi dugu. Gure lana da denon ondarea den natur
kontserbazioko politika publikoen defentsa egitea, noski, ingurumenarekin
benetan bateragarria den jarduera ekonomikoa ere sustatuz.
Hala
bada, Gipuzkoako Foru Aldundian ondare naturala, mendiak eta basa bizitza zaindu,
kontserbatu edota berreskuratzeko bidean
lana egingo duen arduradunik izendatzen bada, jakin beza bidelagun izango
gaituela edo, bestela, aurrez aurre.
Donostia, 2014ko
apirilaren 5ean.
Orain arteko
prozesuan parte hartu dugun, eta prentsaurreko hau sinatu dugun Gipuzkoako
natur taldea eta talde ekologistak:
Eguzki
Erkaxo Azpeitiko Natur Taldea
Haritzalde,Naturzaleen elkartea
Herrio,
Orioko Natur Taldea
Itsas
Enara Ornitologia Elkartea Katamarrua, Zestoako Natur Taldea
Landarlan Natur Elkartea
Mutriku Natur taldea
Okil
Beltzak Elgoibarko Natur Taldea Osina Natur Taldea
Ugatza
Ornitologia Elkartea
Zumaiako
Natur Taldea
Arkamurka
Natur Elkartea
Ondarroa
12 milia
Berdeak
Ekologistak
Martxan
|
|
INFORMAZIO OSAGARRIA
Orain arte aurkeztutako txostenak
eskuragarri dituzue gure blogean. Gurekin harremanetan jarri nahi baduzue,
erabili helbide elektroniko hau:
aisaregi@hotmail.com, edo telefono hau: 655 722 399 (Aitor Leiza).