Bitxia da arrano arrantzalearen historia Europan.
Espezie kosmopolita da, Antartidan ez beste kontinente
guztietan bizi dena. Garai batean Europako itsasertz, ibai handi eta ur-masa
guztietan bizi zen, Mediterraneoan zein erdialde eta iparraldean, nola
mendebaldean hala ekialdean ere.
Azken mendeetan, haatik, XX. mendean batik bat, gainbehera
hasi zen haren populazioa giza jardueren ondorioz. Beste harrapari asko
bezalaxe, ‘arrantza galarazten’ zuen lehiakide gaiztotat hartu ohi zen, eta,
gure arbasoak berariaz jazartzen baitzitzaizkion, hegaztiak akabatu eta habia
zein txitaldi osoak zapuzten ziren.Industriaren eta nezkazaritzaren garapenak
aurrera egin ahala, gainera, gero eta ugariago egin ziren gai toxikoak uretan
eta, bereziki, arrainen gorputzetan. Arrano arrantzalea arrainez baizik ez da
elikatzen, zeharo espezialista da eta gainera piramide trofikoaren gailurrean
da; gauzako horrela, ezinbestekoa zen XX. mendearen erdialdean populazioak
gainbehera erortzea, pestizidek eta bestelako gai kimikoen hondarrek kronikoki
pozoituta. Ugaltze-puntu bakanak geratzen ziren kontinentearen hegoaldean, eta
zertxobait gehiago, berriz, iparraldean, poluzioak hainbesteko ondoriorik
eragin gabeko eremuetan.
Zeharo etsigarria zen egoera.
Honaino iritsita, zenbait faktore bat etorri ziren,
zorionez, egoera tamalgarria iraultzeko. Alde batetik, Europako Batasunak
hainbat politika bateratu abiarazi zituen lehen kontrolik gabe nonahi eta
nolanahi erabiltzen ziren ehunka eta ehunka gai kimikoen erabilera taxuz
arautzeko. Haietako batzuk debekatu egin ziren, beste batzuk penalizatu eta gai
berriak erabiltzeko baimena jaulki aurretik gainditu beharreko protokolo
zorrotzak ezarri ziren. Hegoaldeko kostaldean hirigintzak ordurako txikizio
ikaragarriak eginak bazituen ere, eta ibaietan milaka eta milaka kilometro ertz
ordurako atzera bueltarik gabe galduak baziren ere, Europako uretan, oro har,
berriro hasi zen bizia loratzen. Arrainak osasuntsu hazten hasi ziren berriro
eta koartza, ahate eta bestelako ur-hegazti asko beren lehengo bizilekuetara
itzuli ziren. Fenomeno hori, jakina, lehenago hasi zen Europako Batasuna sortu
zuten herrialdeetan, baina, geroago izanagatik ere, halaber iritsi zen guregana
ere.
Bestalde, arrano arrantzaleari bultzada ematea eta laguntzea
helburu zuten zenbait ekimen, pribatu nahiz publiko, abiarazi zituzten
han-hemen kontinentean barrena. Populazio basatia bere kasa ari bazen ere
leheneratzen, motel ziharduen. Hala, Frantzian, Alemanian, Finlandian,
Danimarkan, Eskozian eta, proiektuak arrakastaz burutu ziren.
Horren guztiaren ondorioz, gure lurraldeari dagokionez,
1990etik aurrera ohiz hasi ziren ikusten iparralde urrunetik hegoalderantz zein
alderantziz gure gainetik migratzen ziren aleak; haatik, nekez egiten zuten
24-48 ordu baino luzeago gurekin puntu berean. Orain ez ziren lehengo ikustaldi
bakanak, ez. Urdaibain, Txingudin, Zumaian eta Oria Behean pilatzen ziren
behaketak. Iparraldean egiten ari ziren traslokazio-proiektuen eta haien
arrakastaren pare ugaritu ziren. Testuinguru horretan izan genuen Euskal
Herrian aukera egiaztatzeko zeinen oztopo handia den ehizan ia zaintzarik gabe
aritzeko ohitura espezie mehatxatuak, hau bera zein beste asko ere,
kontserbatzeko: 2011. urtean Zumarragako ehiztariek arrano arrantzale bat hil
zuten Galeperra elkarteak kudeatzen dituen Pagotxetako postuetatik tiro eginda.
Hegaztia Alemanian jaioa eta markatua zen, eta satelite bidezko
jarraitze-programa batean ikertzen ari ziren.
Oria Behean, Zubieta eta Orio bitartean, esan bezala, ohikoa
izan da azken urteotan bi pasealdietan ikustea espezie hau, udaberrian zein
udazkenean, inoiz zenbait egunez luzatuta ere bai, eguraldi txarraren eskutik
(izan ere, eguraldi ona bidaiatzeko aprobetxatu ohi du eta egun grisak, berriz,
arrantzan eta indarberritzen ematen ditu).
Hemen ere antzeman diogu hobekuntza nabarmena errioaren
egoera ekologikoari. Aingira izan ezik (antzina ezin ugariagoa zen espeziea,
baina gaur egun bakana), ugariak izandako eta bakandutako espezie asko berriz
ere arrunt ari dira bilakatzen Orian. Koartza grisa, esaterako, urte osoan bizi
da gaur egun Oriaren ibarretan, eta koartzatxoek ohiz igarotzen dute negua gure
artean. Antzarek ere bai, inoiz. Bestetik, dena ez da positiboa: ugariegiak
dira hainbat espezie inbaditzaile, hala nola Japoniako reinutria eta Floridako
xaberama. Eta ertzetako larretan ohiz isurtzen da, aspalditik debekatuta
egonagatik ere, behitegi intentsiboetako minda, zeharo aldarazten dituena
lurreko fauna eta flora.
Usurbilgo udalak Sariako erriberan eginiko esku-hartzeari
esker dibertsoagoak dira estuarioko habitatak eta horrek ere mesede egiten dio
inguru naturalaren kalitateari. Beste hainbeste esan liteke Motondoko erabilera
aldatu izanari buruz. Itzaoko erriberaren ustiaketa arduraz bideratu behar da,
zeharo eteten denean kontserbazio-helburuen alde joka dezan horrek ere. Badira
baikor izateko arrazoiak, neurriz sikira.
Eta horixe zen panorama aurtengo udazkenera arte. Aurten,
ustekabe polita izan dugu Gipuzkoan, Oria Behean hain zuzen ere: arrano
arrantzale batek negua gure artean igarotzea erabaki du lehendabiziko aldiz.
Irail, urri, azaro eta abendu osoan ikusi da, errioan nahiz itsaso zabalean
arrantzan. Ohiko kota batzuk aukeratu ditu, eta arrantzagune batzuk ere baditu
bereziki maiteak. Informazio hau gehiena Mikel Mujika lagunak jakinarazi digu;
bihoakio bertatik gure eskerrik beroena gurekin partekatzeagatik.
Ez da batere ohikoa espezie honek negua Kantauri aldean
igarotzea, espeziea Europa mailan pairatzen ari den loraldiaren erakusgarritzat
hartu behar da ezinbestean. Haatik, halaber utzi du agerian zer-nolako balio
naturala duen Oria Beheak gaur egun, behar bezala babestuta egoteko asko falta
badu ere.
Gorago aipatu ditugun programek irakaspen politak utzi
dizkigute: espezie hau bereziki erraz moldatzen da hacking bidezko interbentzio
artifizialera eta aise sor daitezke populazio berriak umeak tokiz aldatzen.
Arriskuan ez dauden populazioetatik ume koskor batzuk erretiratu eta leku
berrian egindako habia artifizialetan hazten dira, gizakiek jaten emanda baina
gizakirik ikusi gabe uneoro, hartara ez dezaten galdu gure espeziearenganako
berezko beldurra. Habia uzten dutenean ez dute inolako gomuta onik gurekiko;
alegia, ez daude ‘trokelatuta’. Tira, bada horietako proiektu bat duela hiru
urtez geroztik gauzatzen ari dira Urdaibain, eta aurki hastekoak dira, espero
denez, arrano basati berriak bertan berez umatzen.
Ikusiko dugu zer dakarren etorkizunak.