2018-01-11

Lehendabizikoz dugu arrano arrantzalea, Pandion haliaetus, Oria Behean negua igarotzen



Bitxia da arrano arrantzalearen historia Europan.

Espezie kosmopolita da, Antartidan ez beste kontinente guztietan bizi dena. Garai batean Europako itsasertz, ibai handi eta ur-masa guztietan bizi zen, Mediterraneoan zein erdialde eta iparraldean, nola mendebaldean hala ekialdean ere.


Azken mendeetan, haatik, XX. mendean batik bat, gainbehera hasi zen haren populazioa giza jardueren ondorioz. Beste harrapari asko bezalaxe, ‘arrantza galarazten’ zuen lehiakide gaiztotat hartu ohi zen, eta, gure arbasoak berariaz jazartzen baitzitzaizkion, hegaztiak akabatu eta habia zein txitaldi osoak zapuzten ziren.Industriaren eta nezkazaritzaren garapenak aurrera egin ahala, gainera, gero eta ugariago egin ziren gai toxikoak uretan eta, bereziki, arrainen gorputzetan. Arrano arrantzalea arrainez baizik ez da elikatzen, zeharo espezialista da eta gainera piramide trofikoaren gailurrean da; gauzako horrela, ezinbestekoa zen XX. mendearen erdialdean populazioak gainbehera erortzea, pestizidek eta bestelako gai kimikoen hondarrek kronikoki pozoituta. Ugaltze-puntu bakanak geratzen ziren kontinentearen hegoaldean, eta zertxobait gehiago, berriz, iparraldean, poluzioak hainbesteko ondoriorik eragin gabeko eremuetan.

Zeharo etsigarria zen egoera.

Honaino iritsita, zenbait faktore bat etorri ziren, zorionez, egoera tamalgarria iraultzeko. Alde batetik, Europako Batasunak hainbat politika bateratu abiarazi zituen lehen kontrolik gabe nonahi eta nolanahi erabiltzen ziren ehunka eta ehunka gai kimikoen erabilera taxuz arautzeko. Haietako batzuk debekatu egin ziren, beste batzuk penalizatu eta gai berriak erabiltzeko baimena jaulki aurretik gainditu beharreko protokolo zorrotzak ezarri ziren. Hegoaldeko kostaldean hirigintzak ordurako txikizio ikaragarriak eginak bazituen ere, eta ibaietan milaka eta milaka kilometro ertz ordurako atzera bueltarik gabe galduak baziren ere, Europako uretan, oro har, berriro hasi zen bizia loratzen. Arrainak osasuntsu hazten hasi ziren berriro eta koartza, ahate eta bestelako ur-hegazti asko beren lehengo bizilekuetara itzuli ziren. Fenomeno hori, jakina, lehenago hasi zen Europako Batasuna sortu zuten herrialdeetan, baina, geroago izanagatik ere, halaber iritsi zen guregana ere.

Bestalde, arrano arrantzaleari bultzada ematea eta laguntzea helburu zuten zenbait ekimen, pribatu nahiz publiko, abiarazi zituzten han-hemen kontinentean barrena. Populazio basatia bere kasa ari bazen ere leheneratzen, motel ziharduen. Hala, Frantzian, Alemanian, Finlandian, Danimarkan, Eskozian eta, proiektuak arrakastaz burutu ziren.

Horren guztiaren ondorioz, gure lurraldeari dagokionez, 1990etik aurrera ohiz hasi ziren ikusten iparralde urrunetik hegoalderantz zein alderantziz gure gainetik migratzen ziren aleak; haatik, nekez egiten zuten 24-48 ordu baino luzeago gurekin puntu berean. Orain ez ziren lehengo ikustaldi bakanak, ez. Urdaibain, Txingudin, Zumaian eta Oria Behean pilatzen ziren behaketak. Iparraldean egiten ari ziren traslokazio-proiektuen eta haien arrakastaren pare ugaritu ziren. Testuinguru horretan izan genuen Euskal Herrian aukera egiaztatzeko zeinen oztopo handia den ehizan ia zaintzarik gabe aritzeko ohitura espezie mehatxatuak, hau bera zein beste asko ere, kontserbatzeko: 2011. urtean Zumarragako ehiztariek arrano arrantzale bat hil zuten Galeperra elkarteak kudeatzen dituen Pagotxetako postuetatik tiro eginda. Hegaztia Alemanian jaioa eta markatua zen, eta satelite bidezko jarraitze-programa batean ikertzen ari ziren.



Oria Behean, Zubieta eta Orio bitartean, esan bezala, ohikoa izan da azken urteotan bi pasealdietan ikustea espezie hau, udaberrian zein udazkenean, inoiz zenbait egunez luzatuta ere bai, eguraldi txarraren eskutik (izan ere, eguraldi ona bidaiatzeko aprobetxatu ohi du eta egun grisak, berriz, arrantzan eta indarberritzen ematen ditu). 

Hemen ere antzeman diogu hobekuntza nabarmena errioaren egoera ekologikoari. Aingira izan ezik (antzina ezin ugariagoa zen espeziea, baina gaur egun bakana), ugariak izandako eta bakandutako espezie asko berriz ere arrunt ari dira bilakatzen Orian. Koartza grisa, esaterako, urte osoan bizi da gaur egun Oriaren ibarretan, eta koartzatxoek ohiz igarotzen dute negua gure artean. Antzarek ere bai, inoiz. Bestetik, dena ez da positiboa: ugariegiak dira hainbat espezie inbaditzaile, hala nola Japoniako reinutria eta Floridako xaberama. Eta ertzetako larretan ohiz isurtzen da, aspalditik debekatuta egonagatik ere, behitegi intentsiboetako minda, zeharo aldarazten dituena lurreko fauna eta flora. 

Usurbilgo udalak Sariako erriberan eginiko esku-hartzeari esker dibertsoagoak dira estuarioko habitatak eta horrek ere mesede egiten dio inguru naturalaren kalitateari. Beste hainbeste esan liteke Motondoko erabilera aldatu izanari buruz. Itzaoko erriberaren ustiaketa arduraz bideratu behar da, zeharo eteten denean kontserbazio-helburuen alde joka dezan horrek ere. Badira baikor izateko arrazoiak, neurriz sikira.

Eta horixe zen panorama aurtengo udazkenera arte. Aurten, ustekabe polita izan dugu Gipuzkoan, Oria Behean hain zuzen ere: arrano arrantzale batek negua gure artean igarotzea erabaki du lehendabiziko aldiz. Irail, urri, azaro eta abendu osoan ikusi da, errioan nahiz itsaso zabalean arrantzan. Ohiko kota batzuk aukeratu ditu, eta arrantzagune batzuk ere baditu bereziki maiteak. Informazio hau gehiena Mikel Mujika lagunak jakinarazi digu; bihoakio bertatik gure eskerrik beroena gurekin partekatzeagatik.

Ez da batere ohikoa espezie honek negua Kantauri aldean igarotzea, espeziea Europa mailan pairatzen ari den loraldiaren erakusgarritzat hartu behar da ezinbestean. Haatik, halaber utzi du agerian zer-nolako balio naturala duen Oria Beheak gaur egun, behar bezala babestuta egoteko asko falta badu ere.

Gorago aipatu ditugun programek irakaspen politak utzi dizkigute: espezie hau bereziki erraz moldatzen da hacking bidezko interbentzio artifizialera eta aise sor daitezke populazio berriak umeak tokiz aldatzen. Arriskuan ez dauden populazioetatik ume koskor batzuk erretiratu eta leku berrian egindako habia artifizialetan hazten dira, gizakiek jaten emanda baina gizakirik ikusi gabe uneoro, hartara ez dezaten galdu gure espeziearenganako berezko beldurra. Habia uzten dutenean ez dute inolako gomuta onik gurekiko; alegia, ez daude ‘trokelatuta’. Tira, bada horietako proiektu bat duela hiru urtez geroztik gauzatzen ari dira Urdaibain, eta aurki hastekoak dira, espero denez, arrano basati berriak bertan berez umatzen. 

Ikusiko dugu zer dakarren etorkizunak.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina