Legealdia hasi bezain pronto Gipuzkoako Natur Taldeek egindako eskaera izan da hau. Legealdi honetan onartu den ekimenik garrantzitsuena da gure ustez Landa Garapeneko azpisailari dagokionez, eta kargua hartu eta berehala agindu zuten aldaketaren bidean eman den aurrerapausorik handiena, ezbairik gabe.
Izan ere, gure ustez, orain gutxi arte Gipuzkoako Aldundiak zenbait lobbyren (egurzaleak, ehiztariak, kudeaketaren “aditu” diren enpresa zenbait …) mesedean egituratu dituen erabakiak hartzeko, parte-hartzean eta gardentasunean oinarrituko den aholkularitza-organoa (Bioaniztasunaren Kontseilua) sortu da. Mahai tekniko hau osatzea ezinbestekoa da, beraz, sail horren kudeaketa arduratsua eta eraginkorra egiteko.
Zuzendaritza horretatik Mendien Araua aldatzeko egindako ahaleginak erakutsi bezala, ondare publikotik irabazi pribatuak lortzea lehenesten diren politikak bultzatu dira gaurdaino, eta horretan onuradun izan diren enpresek eta partikularrek gogor egi(te)n diote politika horiek aldatzeko edozein ekimeni.
Egurzaleen lobbya izan da eragilerik gailena borroka horretan, baina ez da ulergarriagoa EHNE-Gipuzkoa eta ENBA nekazal sindikatuen jarrera. Lehen sektorea gure herrian nola dagoen ikusita, politika horien aldaketak eskatzen ditugunon artean aliatuak bilatzeko ahalegina egin beharko luketelakoan gaude, sektorearen etengabeko gainbehera erakusten duen status quo horren defentsa egiteari utzita.
Natur kontserbazionistak gara, ondare naturalaren kontserbazioa, eta ahal dela berreskurapena da gure helburua. Baina, badakigu hori ezinezkoa dela landa-eremuan bizi eta lan egiten dutenen lankidetzarik gabe. Pentsamendu horri erantzuteko sortu zen Europan Natura 2000 sarea 1992ko maiatzaren 21ean ezarritako 92/43/EEE zuzentarauak sortua. Habitat Naturalen eta Fauna eta Flora Basatiaren Kontserbazioa izena eman zitzaion zuzentarau haren xedea da Europan mehatxatuen dauden habitat eta espezieen biziraupena bermatzea epe luzera, gizakiak eragindako biodibertsitate-galera gelditu eta ekiditeko. Zuzentarauak argitzen du, bestalde, xede hori garapen jasangarriaren bidetik baino ezin dela gauzatu.
Europar Batasunak natura babesteko garatu duen erremintarik eraginkorrena da Natura 2000 sarea. Tokian tokian behar bezala garatzeko ezinbestekoa da ingurune naturalean eta fauna eta flora basatian adituak direnen iritziak eta jakintza kontuan hartzea ez ezik, landa eremuaren kudeaketan txertatzea ere. Horretarako sortu da Bioaniztasunaren kontseilua, mahai tekniko horrek izan behar duelako Gipuzkoako bioaniztasunaren kontserbazioaren kudeaketaren ardatza.
Denon ardura da jaso dugun natur ondarea zaintzea; gurea ez ezik, datozen belaunaldien bizimodua ere kaltetu gabe. Ondorioz, kontseilu hau eraginkorra egiten laguntzea eskatzen diegu datozen egunetan kanpainari ekingo dioten ALDERDI POLITIKO GUZTIEI, naturaren eta ingurunearen defentsa hartuko dituzten konpromisoen zerrendara gehituz.
Gipuzkoan, 2015eko apirilaren 29an
Sinatuta:
Itsas Enara OE
Arkamurka Zarauzko NT
Eguzki
Mutrikuko NT
Herrio Orioko NT
Ugatza OE
Ekologistak Martxan
Zumaiako NT
Erkaxo Azpeitiko NT
Katamarrua Zestoako NT
Landarlan Goierriko NT
Ondarroa 12 milia
Haritzalde Naturzaleen Elkartea
Okil Beltzak Elgoibarko NT
Osina Natur Taldea