2010-02-10

Berriz diogu: ekintzak behar ditugu. Hitzak onak eta... minak?

Berriz ere dei egin behar izan diegu agintariei gure hezeguneak benetan babestu eta leheneratu ditzaten. Duela bi hilabete baino sinatzaile gehiago elkartu gara oraingoan. Horra bidalitako testua:


Ramsarko Hitzarmena sinatu izanaren urteurrenarekin bat, idatzi hau sinatzen duten elkarte kontserbazionistek —SEO BirdLifek, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Arabako Natur Institutuak, Izatek, Eguzkik, Ekologistak Martxan-ek eta Haritzaldek— beren kezka erakutsi nahi dute Erakunde Publikoek gure kostaldeko hezeguneak babesteko unean agertzen duten zabarkeria dela eta.
Baieztapen horren erakusgarri, “Txingudi aldeko Baliabide Naturalak Babestu eta Antolatzeko Plan Bereziak” jasan duen bazterketa dugu, 1992ko Zoruaren Legearen Planeamendu Araudiaren babesean idatzia. 1993ko ekainean sinatu zuten eskualdeko Udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Sailak, eta beharrezko finantza-ahaleginak hitzartu eta helburu hauek erdiesteko egin beharreko ekintzak abiaraztea adostu zuten:
1.- Paisaia, fauna, flora eta landaretzaren osotasuna babestea, ekosistemen dinamika eta egitura atxikiz eta sustatuz.
2.- Ahal zen neurrian, ohiko erabilerak eta inguru naturalaren babesa bateragarri egitea.
3.- Ordurako sendotuta zeuden lurraren erabileren eragina onartu eta leuntzea, eta bideragarri iritzitako eremuetan, egoera leheneratzea.
4.- Inguruko balio naturaletan oinarritutako gozamen publikoa erraztea eta erabilera inguru naturalarekiko begirunez egitea sustatzea.
5.- Ondare naturalaren ezagutza sakona sustatuko zuten ikerkuntzako eta inguru-hezkuntzako jarduerak bultzatzea eta programatzea, hartara naturarekiko ezinbesteko begirunea erdietsiko zelarik.

Ugariak dira espazio horiek pairatzen duten utzikeriaren eta gure kudeatzaileen sentikortasun- eta erreflexu-faltaren adibideak:
·  Plaiaundiko hezegunearen erdialdea okupatzen duten kirol-instalazioak sendotzea, sinatutako hitzarmen guztien eta egindako hautes-hitz guztien kontra;
·  Hondarribiko aireportua handitzea; izan ere, haren zerbitzuen bideragarritasun ezaren aurrean, ibilgailuen-aparkalekua handitzera bideratu ditu inbertsio-ahaleginak, non eta laster itxita datekeen azpiegitura batean;
·  N1 errepidea bikoiztea; dirudienez Hegaztien Babeserako Eremu Berezietan baino ez dute lekua aurkitzen hura zabaltzeko;
·  legez kanpoko baratze txikien ugalketa, paisaia hausteaz gain txabolismoa ekartzen dutena.
Behean sinatzen duten elkarte naturazaleek, Euskal Herriko espazio naturalen etorkizunaz kezkatuta, agintariei eskatzen diete beren izenez sinatutako hitzarmenak bete ditzatela, Txingudiko badia eta euskal kostaldeko gainerako hezeguneak leheneratzera bideratuta, hori baita sistema onena toki horiek izan daitezen naturaren babesarekin bateratutako proiektuen bidez erdietsitako garapen eta ongizatearen adibide.

Jarraitu posta elektronikoz