2009-02-02

Urtetako kaioak: IEOE Urola Kostako Hitzan argitaratutako gutuna

Urola-Kostako Hitzak Zarauzko Vazquez zinegotziari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen (hemen da). Itsas Enarak honela erantzun zion:


Zarautzen, 2009ko otsailaren 2an
Jaun-andre agurgarri horiek,

Joan den igandeko UK-HITZAn irakurri ahal izan genuen kaioei buruzko erreportajean, Alejandro Vazquez zinegotziaren adierazpen txundigarriak ere ikusi ahal izan genituen. Adierazpen dohakabeak, inondik inora, argiro erakutsi baitute Vazquez jaunaren analisi- eta erabaki-prozesuaren nondik-norakoak, nondik-norako kezkagarriak guztion interesa, ingurumena bereziki, babestu behar duen kargu publikoa izanik.


Herritarren kexak eta Udala

Vazquezek zehaztu duenez, herritar ugari joan zaie Udalera kaioek sortzen dizkieten enbarazuei buruzko kexak aurkeztera. Prentsan ere hainbat gutun eta artikulu kaleratu da, eta horren guztiaren ondorioz, Udalak gaiari heldu dio. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean, lan talde bateratua sortu dute. «Hiru erakundeok elkartu gara, nahiz eta bakoitzari desberdin eragin». Udalari herrian izan daitezkeen arazoak interesatzen zaizkio; Foru Aldundia kaioek kosta guztian izan dezaketen bilakaerak kezkatzen du; eta azkenik, Udal Elkartea zabortegiaren kudeaketarekin arduratuta dago, kontu honen jatorri nagusiarekin.

Urtebeteko ikerketa

Udal Elkartearen ikerketa martxan dago jadanik eta Udalarena otsailean abiatuko dute. «Urtebete iraungo du, eta horrela kaioen ziklo natural osoa ikertu ahal izango da epe horretan», azaldu du Vazquezek. «Gero, ikerketaren emaitzak ikusitakoan, neurriak hartuko ditugu behar badira».

Ingurumen zinegotziak gutxi gorabehera susmatzen du jada IKT enpresa egiten ari den ikerketak izango dituen emaitzak: «Azkenean ondorio batera iritsiko dira, populazioa igotzen ari dela eta murriztu egin beharko dela, tiroz edo beste sistema batzuekin».

Vazquez jaunarentzat, antza, ikerketak egitea paripe hutsa da, antzerkia, komedia. Ez dio ajola ikerketak emaitza hau edo hura izatea, nahikoa du Vazquez jaunak bere sena errealitateari neurria hartzeko. Aurrena arazo bat dagoela erabaki, nola 'konpondu' erabaki, eta gero santua jantzi azterketa baten bidez. Horixe da Vazquez jaunak interes publikoa kudeatzeko duen modua. Hobe luke behingoz beteko balitu bere Udalak hartutako erabakiak eta, esaterako desertu txikian dunetako landaretza leheneratu izan balu, urtero bulldozerrez txikitu eta berdindu beharrean, zertarako eta boleibolean aritzeko (gauza jakina baita Zarautz osoan horixe del horretarako toki apropos bakarra). Edota Udalak klub pribatu bati musutruk ematen dion 130.000 metro karratuko naturagune aparta berreskuratzen.

Argi utz dezagun kaio asko egotea ez dela arazoa. Eta oso urrun dagoela Zarautz kaioak teilatuetan umatzen hastetik. Argi utz dezagun halaber kaioak teilatuetan ez pausatzeko moduak badirela, ikaragarri merkeak gainera.

Argi utz dezagun halaber kaioak hiltzea ez dela sasi-arazo horretarako irtenbidea. Alferrikako esfortzua da. Urteak daramatzate Europako herrialde askotan ugalketa kolonietan helduak hiltzen, arrautzak nahiz txitak kentzen eta enbrioiak galarazten, eta alferrik da, jana ugari eskaintzen segituz gero.

Zabortegiak itxi orduko, ordea, bakarrik murriztu dira populazioak. Irakaspena ez da berria, badira ia hogei urte Ingalaterrako eta Britainiako esperientzien berri argitaratu zela, Vazquezen aholkulariek jakin beharko lukete hori. Halaber jakin beharko luke Vazquezek zabortegitik kentzen duen kaio bakoitzeko hiru arratoi gehiago izango dituela. Eta neguan 2.000-2.500 kaio inguru etortzen direla egunero Urtetara haien bazka kentzera. Zer du nahiago ingurumen zinegotzi batek? Zer dute nahiago inguruko baserritarrek?

Horra ingurumen-zinegotzi batentzako berezko zeregin bat: zaborrek eta giza-jarduerek (turismoak, industriak, urbanizazioak, kirolak...) ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten jardun.

Eskerrik asko.

Rafael Saiz Elizondo
Lehendakaria


1 iruzkin:

  1. Horri guztiari gehitu behar diogu Itsas Enarak behin baino gehiago eskatu diola Udalari herritarren kexa horien kopiak helarazteko. Bat bera ere ez digu bidali.

    ErantzunEzabatu