Ohar honen bidez, Itsas Enara Ornitologia Elkartea eta SEO/BirdLife
elkarte ornitologikoek gure kezka adierazi nahi dugu Antondegi gainean
Donostiako Udalak eraiki nahi duen olatu artifizialen parkeari buruz.
Antondegi
gaina Donostiako hiri-sarearen kanpoaldean dago, eta balio ekologiko
handia du, ikuspuntu ornitologikotik behintzat. Antondegin behatu diren
117 hegazti-espezieak -eBird herritarren zientzia-plataformako
erregistroen arabera- horren froga dira. Gainera, 117 hegazti-espezie
horietatik 84 Espainiako Babes Bereziko Erregimeneko Hegaztien Zerrendan
daude, eta 29 Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan. Adibidez, miru
gorria (Milvus milvus), Antondegin ohiko negutarra, desagertzeko
arriskuan dagoen espeziea da. Zenbaki horiek Antondegik duen balio
ornitologikoaren adierazle sendoa dira.
Antondegiko aberastasun ornitologikoa arriskuan legoke olatu artifizialen parkea eraikiz gero, habitata nabarmen aldatuko bailitzateke. Aipagarria da Antondegik landa-paisaia tradizional berezia duela, baratze, zelai, landazabal atlantiko, zuhaizti eta heskaiez osatua, gero eta urriagoa, lurraldearen garapen industrialaren eta urbanizazioaren ondorioz. Lurzoruaren artifizializazioari beste eragin negatibo batzuk gehitu beharko litzaizkioke, hala nola, eremu horretan egingo liratekeen joan-etorrien hazkunde nabarmena eta instalazioaren erabileraren ondoriozko beste alderdi batzuk.
Horiek horrela, SEO/BirdLife eta Itsas Enara elkarte ornitologikoek Donostiako Udalari eskatzen diogu Antondegin olatu artifizialen parkea eraikitzeko proiektua berriz azter dezala. Azpiegitura hori eraikitzeak arriskuan dauden espezie askori eta haien habitat bereziari kalte larria eragingo lieke.
Miru gorria Antondegin 2020an (egilea: Itsas Enara) |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina