Duela
 20 urte, Gipuzkoako hegaztizale-talde batek ITSAS ENARA ORNITOLOGIA 
ELKARTEA sortu zuen. Harrezkero igaro den denbora luzean sorreran bertan
 aldarrikatu zituen helburuak betetzen saiatu da elkartea: hegaztiak 
aztertzea eta ikertzea, hegaztiak eta haien habitatak babestea eta balio
 horiek hedatzea eta sustatzea.
Azken
 hogei urte hauetan Gipuzkoako hegaztien egoerak hobera egin du alor 
askotan: ibaietako uraren egoera, araztegiei esker; kontserbazioaren 
beharrari buruzko kontzientzia handiagoa; ehiztariek gutxiago botatzen 
diete espezie debekatuei; zuhaitzak oro har zaharragoak dira (ehiztariak
 ere bai)... Horrek guztiak baikor izatera bultzatzen gaitu.
Aldi
 berean, lurraldearen erabilera asko aldatu da; nekazaritzak atzera egin
 du berriz ere eta landazabala urritu; laboreak desberdinak dira; 
neurriz gaineko azpiegitura itogarriak nonahi; ibai eta errekak nonahi 
bideratuta; lurraldea porlanez gero eta estaliago; abentura-kirolak gero
 eta hedatuago daude; ekologistok ere gero eta zaharragoak gara; zentral
 eolikoen mehatxuak berean segitzen du... eta horrek guztiak, berriz, 
etsikoitu egiten gaitu. Gainera, kontuan izan behar da gizartearen eta 
naturaren arteko arrakala gero eta zabalagoa dela; ez agian hainbeste 
kontzientziari dagokionez, baina bai jakintzaren kalitateari dagokionez.
 Begirunezko eta maitasunezko ikuspegitik egiten diogu guk aurre 
arrakala horri, beti kontserbazioa hartuta goiburu. Lanik ez da falta 
noski.
Urriaren 19an omenaldi xume eta hunkigarria egin genion Plaiaundiko Parke Ekologikoan Pello Ipintzari, gure lehendakariaren hitz soil batzuk entzun ondoren. Duela gutxi utzi gintuen Pellok, eta beste inork ez bezala gauzatu zituen gure ideal horiek: jakite hutsa alferrikakoa dugu hegaztiak eta natura kontserbatzeko, jakintza zabaldu egin behar da eta maitasun bihurrarazi. Maisu aparta izan genuen Pello horretan, eta halaxe adierazi zuen P. Otxotekok idatzi eta errezitatu zuen olerkian.
Omenaldiaren ondotik, aurresku eta guztikoa, Gorka Ocio lagunak eskaini zigun hitzaldian gure itsasoan zer izaki aurki ditzakegun azaldu zigun. Alde berean atsegina eta didaktikoa nola izan daitekeen erakutsi zigun, bide batez.
Plaiaundi utzi eta Moskuko (Irun) Kabigorri elkartera joan ginen afaltzera (ondo afaltzera, alajaina), eta barre pixkat egitea Gorkaren eta gure pasadizoak gogora ekartzen, zein baino zein barregarriagoak.
   
ZORIONAK, ITSAS ENARA!  
BABES DITZAGUN HEGAZTIAK!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina