2007-09-29

Hegaztien Eguna 2007

Itsas Enara Ornitologi Elkarteak, bere hamabostgarren urteurrenean, Hegaztien Eguna antolatuko du Txingudin.










Hegaztien eguna munduko hainbat herritan ospatzen da, honen helburua, jendartera hegaztien mundua eta berauen kontserbazioa gerturaraztea delarik. Gobernuz kanpoko ekimena da, non bertako ornitologo eta hegaztizaleek egun horretan bertaratzen den jendeari hegaztiak beraien habitatetan ikusteko aukera eskaintzen dieten.

Ohikoa den bezala, datorren urriak 7an, igandea, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Plaiaundiko parke ekologikoan ospatuko du egun hau, Txingudin hain zuzen. Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik eta gehien errazteko, modu berean, hegazti hauen ohitura eta biologiari buruzko informazioa azalduko dute. Parkearen sarreran elkartearen stand bat egongo da, bertan orain arterainoko argitarapen eta ekintzak azalduko direlarik.

Aurreko urtetako esperientzia oso positiboa izan da, hegaztiak animalia izutiak direla kontutan hartuta, jendeak atseginez hartzen du gertutik behatzeko aukera hau, eta baita sor daitezkeen zalantzei erantzuna eman diezaiokeen pertsona bat ondoan edukitzea ere. Ez da erraz ahazten mokozabal edo ubarroi baten edertasuna bertatik bertara ikusita.


Hegaztien Egunak, hegaztien udazkeneko migrazio garai garrantzi-tsuenarekin bat egiten du, urtero negua pasatzeko hegoalderuntz egiten duten bidaiaren barruan. Txingudi atsedenleku bat da hegazti hauetako askorentzako, bertan ikusi daitezkeen hegaztien zerrenda oso luzea delarik, garai hau ona da lertxunak eta lertxuntxoak, ubarroiak, txirriak, kulixkak, bernagorriak eta arrano arrantzalea ikusteko, hauetaz gain baita azken mokozabalak eta negua hemen pasako dute lehen zertzeta arrunt eta istingorrak ikusteko ere.

Ohikoak ez diren hegaztiak ikusteko ere aukera egon daiteke, horien artean paita gorrizta eta lertxuntxo handia. Eguraldi txarra, hegazti behatzaileen kasuan, ez da gogogabetzeko arrazoia, hegazti kopuru handiagoak biltzen baitira babes bila.

Egun honetan parte hartzeko ez da hegaztiei buruzko ezagupenik behar, hauei buruz ikasteko gogoa eta jakinmina baizik, hori bai, prismatiko batzuk ekartzea gomendagarria da.

Itsas Enara bere hamabostgarren urteurrenaren ospakizunetan dago, bere hainbat ekintzen artean, duela hamar urtetik hona Txingudin hegaztien Eguna antolatzen duelarik. Urrun geratzen da laurogeigarren hamarkada, Guipuzkoako hegaztien ondarea ezagutu eta zabaldu nahi zuten ornitologo talde gazte bat Motacilla Ornitologi Taldean eta Gipuzkoako Ozeanografia elkarteko Itsas Hegaztien sailean biltzen zirenean, Itsas enararen aurrekariak hauek. Urte guzti hauetan zehar, Itsas Enarak zer esan handia eduki du Gipuzkoako hegaztien ikerketetan: egindako hainbat lan, kontaketa eta kanpainengatik eta baita datu guzti hauen hedapenean eginiko argitalpen, kurtso, hitzaldi eta jardunaldietan.

Itsas Enarak lotura berezi bat mantentzen du Txingudirekin, bertan elkarteak lan asko ditu eginak, hauetariko batzuk nahitaezko erreferentzia bihurtu direlarik Txingudik gaur egun dituen garrantzi handiko izendapenak lortzeko garaian, datu zientifikoak aurkezteko garaian. Hauen artean Ramsar zerrendan sartzea Nazioarteko Garrantzi Handiko hezegune moduan edo IBA izendapena (Hegaztientzako eremu garrantzitsua) SEO-Birdlife International- ek emana, baita ZEPA izendapena ere (Hegaztien babeserako eremu berezia) Natura 2000 sarearen barruan eta azkenik Life-Natura erakunde europararren diru laguntzen esleipena Plaiaundiko hezegunea berreskuratzeko.


Hegaztien Egunerako deialdia:

Noiz: Urriak 7an, igandea, Hegaztien Mundu Mailako Eguna.
Non: Plaiaundiko Parke Ekologikoan (Irunen)
Ordutegia: Goizeko hamaretan hasita, goiz osoan zehar. Dohainik.
Jarduerak: Parkean zehar behaketa postuak, elkarteko ornitólogo eta beraien teleskopioekin. Parkearen sarrenan stand bat Itsas Enara Ornitologi elkarteko argitalpen eta hegaztiei buruzko informazioarekin.

Jarraitu posta elektronikoz